Realeko jokalariak lekukoa hartu gabe gelditu zirenekoa

Korrika 1982an amaitu zen estreinakoz Donostian, eta zenbait bitxikeria gertatu ziren; horietako bat berreskuratuko dugu gaurkoan: Realeko jokalariena.
Korrika Donostiara heldu zenean, 1982ko maiatzaren 30ean, Realak bere historiako bigarren liga (eta, orain arte, azkena) irabazi berri zuen, eta jokalari batzuk lekukoa hartzekoak ziren; besteak beste, Roberto Lopez Ufarte, Agustin Gajate eta Ignacio Kortabarria zeuden zain. Ordea, Korrika lau bat orduko atzerapenarekin iritsi zen hirira, eta jokalari txuri-urdinak zain egon baziren ere, azkenean lekukoa hartu gabe joan behar izan ziren.
Izan ere, lagunarteko partida bat jokatzeko konpromisoa hartuta zuen klubak, Mirandesen aurka, Miranda de Ebron. Beraz, jokalariek taldearekin joan behar izan zuten, lekukoa eraman gabe. Zeinek eramango zuten orduan lekukoa Realaren kilometro horretan? Lerro hauek irakurtzen ariko al da?
Artikulu honen argazkian lekukoa daramana Julen Kalzada da, AEKren eta Korrikaren sortzaile eta sustatzaileetako bat.
Bitxikeria gehigarri gisa, gainera, Miranda de Ebron jokatzekoak ziren partida Mirandesko Jose Muñoz Sarasola atezaina omentzeko zen, donostiarra baitzen Muñoz. Hori, ordea, beste istorio bat da.