Txillardegi omendu dute Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek
Alderdi Eder erabat bete da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia ikusteko. Hasi baino minutu batzuk lehenago, hiru pailazoek Txillardegi omendu dute udaletxe aurrean. Jone Forcada alargunari eta Txillardegiren bilobei txorientzako habia kutxa bat oparitu diete. “Idazlea, euskaltzalea eta ekintzailea” omendu nahi izan dute, eta ondorengoa nabarmendu du Porrotxek: “Izan zelako gara, eta garelako izango dira. Gora Txillardegi!”.
Aste honetan bertan iragarri dute Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko egitasmoa bertan behera uztea erabaki dutela, «horma handi batekin topo» egin dutelako. Hamazazpi idazlek abiatu zuten Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegiren izena jartzeko egitasmoa, 2013an, eta herritarren 1.500 sinadura biltzera heldu ziren. Donostiako Liburutegi nagusiari idazlearen izena jartzeko eskatu nahi zuen taldeak. Alderdi eta erakundeekin hitz egin dute, baina emaitza «etsigarria» izan dela esan dute.
Jarraian duzue omenaldiaren bideoa: