Intxaurrondo Zaharra sukurtsalik gabe geratuko da
IZBE auzo elkarteak salatu du Intxaurrondo Zaharra izango dela Donostian banketxerik gabe geratuko den hurrengo auzoa. Elkarteak bizilagunentzat erabaki horrek duen eragina deitoratu du, helduentzat bereziki, izan ere, autobusa hartu beharko dute hemendik aurrera beste auzo batean arreta hori jaso ahal izateko.
Duela gutxi, Bidebieta izan zen sukurtsalik gabe geratu zen auzoa, eta, ondorioz, bertako biztanleek Trintxerpera edo urrutiagora joan behar dute aurrez aurreko arreta jasotzera. Donostiako Udalak, herritarren sinadurak bildu ondoren, bulegoa ez ixteko eskatu zion Kutxabanki, baina eskaera hori alde batera utzi zuen banketxeak. Kutxabankek prestakuntza-saio bat eskaini zuen Erretiratuen Etxean, adinekoei webgunearen erabilera irakasteko.
Intxaurrondo Zaharrean, Caixaren eta Laboral Kutxaren bulegoak itxi ondoren, Kutxabankek iragarri du bezeroei arreta emateko egoitza itxiko duela bihar. Bulegoan jarritako informazio-oharrak Gros auzoko Kale Nagusiko bulegora joateko gonbita egiten die erakundeko bezeroei.
“Kontuan izan behar da adin batetik gorako biztanleriaren ehuneko handi batek ez duela internet bidezko zerbitzua erabiltzeko gaitasunik, nahikoa arazo dituela kutxazain automatikoa erabiltzeko!”, kexatu da IZBE. Era berean, erakundeak ere kritikatu ditu auzo elkarteak: “Herritarrek nahitaez erabili beharreko zerbitzua izanik, esku hartu behar zuten gure beharrei irtenbidea emateko. Ez gara inolaz ere arazo ekonomikoak dituzten enpresez ari, haien irabaziak handitzen ari baitira urtetik urtera. Hori guztia gure diruarekin!”.