'Azken etxea' nobela argitaratu du Arantxa Urretabizkaiak
Arantxa Urretabizkaia. Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) bere bosgarren eleberria argitaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik: Azken etxea. Duela bost urte atera zuen bere azken eleberria, Bidean ikasia, eta normalean hurrengo nobelari nondik heldu jakiten badu ere, Bidean ikasia argitaratu ostean ez zitzaiola horrela suertatu azaldu du idazleak. Lagun bati beste lagun baten berri ba ote zuen galdetu zion behin, eta hark kontatu zion “azken etxearen bila buru-belarri” zebilela hura. Hari horri tiraka idatzi du Azken etxea.
Bizitzaren azken urteak pasatzeko etxe baten bila dabil liburuko protagonista. Hendaia aldeko etxe bat gustatu zaio, eta hura lortzen tematuko da. “Ez du bizimodu arrunta eraman, eta ez da arrunta izango helburu hori lortzeko ahaleginetan egingo duen bidea”, jakinarazi du Urretabizkaiak.
Agertzen diren pertsonaia “guztiak edo ia guztiak zaharrak izatea” da liburuaren ezaugarrietako bat. Idazlearen hitzetan, ez dira, ordea, “aiton-amona maitagarrien” definizioarekin bat egiten duten pertsonaiak; batere arruntak ez diren bizitzak izan dituzte, eta bakoitzak oso modu ezberdinean egiten dio aurre zahartzaroari. “Izan ere, badirudi zahartzaroak berdintzen gaituela, baina zahar guztiak ez gara berdinak, gazte guztiak berdinak ez diren bezalaxe, eta hauek ez dira aitona-amona tradizionalak”, azaldu du.
Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk, Urretabizkaiaren bosgarren eleberria “thriller krepuskular” gisa definitu du, eta egilea ere konforme agertu da izendapen horrekin.

