57. Jazzaldiak bost piano kontzertu hartuko ditu San Telmo Museoko klaustroan
Aurten ere San Telmo Museoko klaustroan gozatu ahal izango da Jazzaldiko piano solo kontzertuez. Bost kontzertu antolatu dituzte, guztiz akustikoak, eta “teklatuaren aparteko lau jeniok” interpretatuko dituzte, pianista eta musikari “gailenak” guztiak, antolatzaileen arabera.
Hasteko, uztailaren 21ean, kontzertu solidario bat egingo da, eta irabaziak Txernobil Elkartera bideratuko dira. Kontzertu horretan Vadim Neselovskyik bere Odessa Suite eskainiko du.
Uztailaren 22an Craig Taborn estatubatuarraren txanda izango da. Uztailaren 23rako, larunbata, Sofiane Pamart pianista, konpositore eta ekoizlea ikusteko eta entzuteko aukera izango da. “Datozen urteetako pianista eta konpositore ospetsuenetako bat izatera bideratua, musika klasikoaren eta pianoaren mundua iraultzea eta irisgarriago bihurtzea da Pamarten misioa; horretarako, kode guztiak hautsi eta oraingo mundu urbanokoak hartzen ditu”, azaldu dute.
Uztailaren 24an eta 25ean, Benny Green newyorktarra izango da protagonista museoko klaustroan. Greenek lau hamarkada baino gehiago daramatza agertokietan, eta oraingo Jazzaren pianistarik “onenetako bat” da. Pianista honek bi errepertorio eskainiko ditu:
-Uztailak 24 – The Connection: Duke Ellington – Billy Strayhorn – Thelonious Monk.
-Uztailak 25 – Reminiscing the piano greats: Hank Jones – Tommy Flanagan – Cedar Walton – Oscar Peterson.
JazzEñeren zortzigarren edizioa
Iazko arrakastaren ondoren, JazzEñe jaialdia, SGAE Fundazioaren nazioarteko programatzaileentzako Estatu mailako Jazz Erakustaldia, berriz ere ospatuko da Jazzaldiaren baitan, Victoria Eugenia Antzokian. Uztailaren 21etik 24ra, 12:30etan hasita, lau saio izango dira, bakoitza 45 minutuko bi kontzerturekin.
Uztailaren 21ean Oreka TX eta, ondoren, Chico Perez arituko dira. 22an Veronica Ferreiro & Javier Sanchez, eta, jarraian, Carlos Sarduy. 23an Moises P. Sanchez eta DaahoudSalim Quintet arituko dira. Azkenik, uztailaren 24an, Berta Moreno eta Ernan Lopez-Nussa izango dira 2022ko JazzEñeri amaiera emango diotenak.
Uztailaren 25ean, JazzEñetik kanpo, baina ordu berean (12:30), FCCVictoria Eugenia Antzokiaren programazioa itxiko da, bi musikarirekin: Marco Mezquida, pianoan, eta Juan de la Rubia, organoan. Bach & Forward eskainiko dute, Johann Sebastian Bachen obraren inguruko emanaldi bat, guztiz inprobisatua.
San Telmo Museoaren eta Victoria Eugenia Antzokiaren kontzertuetarako sarrerak eta abonuak salgai daude dagoeneko Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren webguneetan.