Altzako kiroldegi berria ireki dute
Asteazkenean ireki zuten Altzako kiroldegi berria, udalaren azken aurreikuspenak baino bi hilabete lehenago. Lanak duela bi urte eta erdi baino gehiago hasi ziren, eta atzerapen ugari izan dituzte, baina, azkenean, irekita eta funtzionamenduan dago kiroldegia.

Obren fasea bukatu ostean, otsailaren erdialdean hasi ziren kiroldegia hornitzen eta behin-behineko irtenbide gisa gimnasio bat egokitu zuten Altzan, NAO etxean. Donostia Kirolak eta Donostiako Judo Clubak akordioa lortu dute irekita mantentzeko. Horrela, kiroldegi berriarekin ere, NAO etxeko gimnasioa irekita egongo da, eta Kirol Txarteleko abonatuek gimnasioa erabiltzen jarraitu ahal izango dute. Gainera, Judo Clubekoek arte martzialekin lotutako jardueren eskaintza egingo du, Altzako kiroldegian egiten diren jardueren osagarri gisa.
Kiroldegi berriak sarraila elektronikoak dituzten armairuak ditu (Kirol Txartelarekin edo eskumuturrekoekin zabaldu ahal izango direnak); lau pista (saskibaloia eta gimnasia erritmikoaren moduko jarduerak aldi berean egiten ari direnean pistak bereizteko gortinekin); bideomarkagailu digitalak (pistetan eta igerilekuetan); sarrerako tornuak, musika ekipoak eta pantailak jarduera aretoetan, klase birtualak eskaini ahal izateko, aurrez aurreko ikastaroez gain.
Bi igerileku ditu, bata txikia eta bestea handia. Txikiak hamabost metroko luzera du eta 1,30 metroko sakontasuna, eta, handiak, berriz, 25 metroko luzera eta bi metroko sakontasuna. Waterpolorako ekipamendua ere badu igerileku handiak, izan ere, Waterpolo Donostia klubaren bitartez kiroldegian jarduera hori eskainiko dute.
Igerilekuez gain, 400 metro koadroko gimnasioa du, igerilekura eta kanpoaldera begira. Gimnasioak hainbat gune ditu: eremu funtzionala, kardiobaskularra, muskulazioa eta pisu librea. Bluetooth teknologiadun makinak ditu, kanpoko gailuekin konektatu ahal izateko eta erabiltzaileek entrenamenduak erregistratu eta lan kontrolatuagoa egin ahal izateko, monitoreak aholkatuta.
Gainera, Altzako kiroldegi berriak hiru jarduera areto handi ditu, horietako bat pistako txirrindularitzarako ekipatuta, eta hara eramango dituzte NAO etxeko behin-behineko gimnasioan eskaintzen zituzten ikastaroak.
Kiroldegiaren kanpoaldean lanetan ari dira oraindik, baina etorkizunean taberna bat, kanpoaldeko igerilekua, haurrentzako uretako jolasak eta eguzkia hartzeko gunea jarriko dituzte.
Atzerapenak eta gainkostuak
Udalaren azken aurreikuspenek zioten ekainean irekiko zutela kiroldegia, baina, azkenean, bi hilabete lehenago izan da irekiera. Hala ere, hasiera batean iragarri zuten lanek urte eta erdi iraungo zutela, eta azkenean bi urte eta erdi baino gehiago iraun dute. Hain zuzen ere, 2019ko abuztuan hasi zituzten lanak.
2020ko hasieran, ELA sindikatuak iruzurra salatu zuen kiroldegiko lanetan, Acciona eta Altuna y Uria enpresek osatutako aldi baterako elkarteak azpikontratatutako enpresaren langileak legez kanpo aritu zirelako lanean, besteak beste.
Irregulartasun horiek eta pandemiak sortutako atzerapenen ondorioz sortutako atzerapenen ondoren, kiroldegiko eraikuntza lanak 2021eko amaieran amaitzea aurreikusi zuen udalak. Hain zuzen ere, iazko irailean salatu zuen EH Bilduk eraikuntza lanen gainkostua 3,5 milioi eurokoa %28 gehiago zela.
Txernobylgo haurrekin elkartasuna
Altzako kiroldegi berriaren irekierak Txernobylgo haurrei laguntzeko erronka solidario bat ekarriko du apirilaren 21ean, 22an eta 23an. Chernobil elkartea garatzen ari den kanpainarako dirua biltzen laguntzeko asmoz, Altzaren eta Ukrainako Txernobyl inguruaren artean (joan-etorria) dauden 6.344 kilometroak egingo dituzte, bizikleta estatikoen aretoan pedalei eraginez.
Sarrera librea izango da pertsona guztientzat, eta diru ekarpenak egin ahal izango dira aretoan bertan eta instalazioaren sarreran egongo diren kutxetan. Gainera, Donostiako kirolaren babesa islatzeko, hiriko klub eta talde guztiak gonbidatu dituzte euren entrenamenduetako bat areto horretan egitera, kilometroak gehitzen laguntzeko. Dagoeneko, honako klubek baieztatu dute euren parte-hartzea: Donostia Arraun Lagunak, Ibaeta Basket, Triku Kirol Elkartea eta Waterpolo Donostia.
Parte-hartzaileen borondatezko ekarpenez gain, erronkak lau babesle ditu eta horiek ere dohaintzak egingo dituzte kanpaina honetarako: Argysan, Dyincon Sistemas, Giroa-Veolia eta Rotary Club San Sebastian dira babesleak.