"Altzan arteak ihes egiten du izaera elitistatik"
Larratxon bizi da Mattin, eta 'Arkaltza' izeneko ipuina ondu du. Rafael Ruiz Balerdi margolariak Herreran emandako klase batzuetatik abiatuta, Altzako ondare artistikoan barna murgiltzen gaitu liburuak. Altzako ikastetxeetan ere liburuko edukiak lantzen aritu da, teknika japoniar bat erabilita.
Irakurri dizut aspaldian zenuela gogoa Altzako ondare artistikoari buruzko lan bat egiteko. Zergatik orain?
Izurriteak hainbat eragin ekarri dizkigu, eta baliteke proiektu hau aurrera eramateko pospoloa izatea. Egia da eman digula aukera hausnartzeko gure bizimoduaz eta gure beharrez. Eta, jakina, ni neu ere ohartu nintzen gure oreka emozionalerako arteak zeukan garrantziaz, baina ez da erabaki kontziente bat izan.
Gustura geratu zara emaitzarekin?
Bai, bi arrazoirengatik. Alde batetik, produktu bat sortu dudalako; eta bestetik, ikasgeletan zerbitzu bat eskaini dudalako. Altzako ikastetxeetan landu dugu liburua eta esperientzia oso aberatsa izan da.
Altza eta artea uztartu dituzu. Bote lasterrean, behintzat, lotura handirik ez duten bi arlo. Uste hori okerra dela frogatu nahi izan duzu?
Dudarik gabe, neurri batean neure burua berresteko ariketa bat izan da. Oraindik ere Altzari buruz aurreiritzi asko daude; besteak beste, itsusia dela. Beharbada aurreiritzi hori deuseztatzeko guk geuk, bertan bizi garenok, lan bat egin behar genuen. Eta nik neuk ere banuen gogoa gizarteari itzultzeko hark niri emandakoa. Gainera, aitormen edo omenaldi bat ere egin nahi izan diet gure aurretik izan diren artistei.
Zein balio transmititu nahi izan dituzu?
Mahaiak lau hanka dauzka. Alde batetik, artelanak ezagutzea dago: informazioa. Artistaren izena ezagutzea, artelanarena, artelana non dagoen… Bestetik, Kamishibaiaren bitartez narratiba eta euskara lantzea, are gehiago Altza bezalako eremu linguistiko batean. Hirugarren hanka emozioak izango lirateke, alegia, ikasgelan landutako horretatik abiatuta ikasleei aukera eman diet artelan bat egiteko edo emozioak adierazteko. Eta azken hankak inguruaren ezagutzan du oinarria. Zoritxarrez, gaurko bizimoduaren eraginez maiz gertatzen da ikasleak edo familiak ez direla bere inguruan kokatzen. Dinamika honi esker, ordea, nik uste dut aukera egon daitekeela inguruarekiko atxikimendu bat lortzeko.
Liburuan bidaia bat egiten du protagonistak. Hasieratik izan zenuen argi liburuaren egitura?
Egia esan, berehala etorri zitzaidan kontalariak neska bat izan behar zuela. Generoaz ere hausnartu dut, eta ez nuen nahi protagonismoa erabat Ruiz Balerdirengan zentratu. Hortxe sortu nuen Aneren pertsonaia.
Erronka edo zailtasun handiena testua bera idaztea izan da, informazioa eta literatura lotzea: zein hitz erabili, erritmoa… Izan ere, proiektua hezitzailea da, baina istorioak gatz eta piper pixka bat izatea ere nahi nuen.
Nondik jaso duzu informazioa?
Ni Balerdiren zalea naiz, eta Javier Viar komisarioak Rafael Ruiz Balerdiri buruz idatzitako bi liburuki mardul irakurriak ditut; hor irakurri nuen lehen aldiz klaseak ematen aritu zela Herreran, 1973an. Hori egiaztatu nuenean, segituan piztu zitzaidan zerbait egiteko gogoa, polita iruditzen baitzait 1973ko garai gatazkatsu hartan haurrekin lan egitea. Eta, gainera, etxe ondoan, Herreran bertan, ustez leku itsusi batean. Gainerako informazioa kalez kale ibilita eta sarean pixka bat begiratuta osatu nuen.
Bidaian zehar Jose Ibarrola, Koldobika Jauregi eta Anton Mendizabal presente egongo dira. Sona handiko izenak dira denak, eta euren lanak Altzan barna dauzkagu. Ez gara ohartzen inguruan dugun ondare artistikoaz?
Dudarik gabe, nik aldarrikapen bizizale bat egin nahi izan dut. Apaltasunez diot, baina egia da gaia tokikoa bada ere, mezua unibertsala dela, HIRUdimena leloan laburbildu dudana: ikusi, bizi eta adierazi.
Agian, batzuetan, orainaldiari besterik ez diogu erreparatzen, eta lehendik egon direnei ez diegu behar duten garrantzia ematen, baina ez dut iraganari begira halako oroiminez bizi nahi. Nire ustez, ideia nagusia arteak eta sormen prozesuak duten indar terapeutikoa da: denok dugu gaitasuna, artista ez da aparteko pertsona bat. Hori aldarrikatu nahi nuen. Eta gero, bide batez, Altzak ere baduela bere ondarea, noski. Kasu honetan, gainera, uste dut pixka bat ihes egiten duela arteak maiz duen izaera elitistatik, eta nire ikuspuntua da artea herrikoia ere izan daitekeela.
Ez zara ipuina sortzearekin konformatu. Arestian ere aipatu duzu, baina Altzako ikastetxeetan gaia lantzen aritu zara.
Urteak daramatzat Euskal Herriko hainbat ikastetxerekin lanean, beharbada azken bost urtean modu kontzienteago batean. Tailerrak ematen ditut, komikigintzakoak batez ere, baina baita literaturakoak ere. Beraz, alde horretatik garbi nuen irudiak daukan xarma. Eremu euskalduna ez den leku batean, bereziki, arteak edo irudiek daukate giltza, nolabait esateko. Izan ere, horri esker ikaslea beste leku batetik hurbildu daiteke euskarara.
Espazio hori edukitzea zuretzat ere garrantzitsua zen, ezta?
Bai, jakina. Produktu huts bat argitaratzen ere badut esperientzia, baina nik bi gauzatan nuen arreta jarrita. Alde batetik, liburua atsegina izatea, garbi irakurtzea eta iruditeria berri bat izatea. Baina bestetik, ikasgelako lana ere garrantzitsua zen niretzat. Hartara, bizirik dago liburua.
Kamishibai teknika erabiltzen duzu horretarako.
Hori da. Kamishibaia paperezko antzokia da. Jatorri japoniarra du, eta tresna hezitzailea da, heziketarako oso baliagarria. Hemen gaur-gaurkoz oraindik ere gutxi erabili arren, 2018an ikastetxeetan lantzen hasi nintzenetik garbi ikusi nuen tresna egokia zela. Lehenengo blokean nik neuk irakurtzen dut ipuina, eta bigarren zatian ikasleek egiten dute ipuinari buruzko marrazki edo testuren bat.
Nolakoa izan da haurren erantzuna?
Nire iritziz, behintzat, oso aberatsa eta parte hartzailea izan da. Eta, gainera, balio izan digu ohartzeko gaur egungo ikastetxeetako errealitatea zein den. Plazera sentitu dutela iruditzen zait, eta hizkuntza bat ikasteko hori ezinbestekoa da.
Aurrera begira, liburuak zer ibilbide izatea nahiko zenuke?
Ni prest nago egitasmoarekin jarraitzeko eta beste auzoetara ere hedatzeko. Eskerrak eman behar dizkiet erakundeei, tartean Donostiako Udalari, proiektua sustengatzeagatik eta nigan konfiantza izateagatik.
‘ARKALTZA’ EGITASMOA
Hezkuntza. Sormen lantegiak egin ditu Altzako ikastetxeetan. Mattinek kamishibaia teknika landu du ikasleekin gelan.
Argitalpena. Mattinek idatzi eta marraztu du ‘Arkaltza’ liburua, eta eskoletako ikasleen artean banatu dute. Ane izeneko neskatoa da protagonista. Herreran arkatz berezi bat bat topatu du, eta haren bitartez, Altzako hainbat artelan ezagutuko ditu. Rafael Balerdi margolaria izango du bidelagun. Herreran pintura klaseak eman zituen 1973. urtean.