Apirilak 22, Lurraren Eguna
Halako ospakizunen zioa planeta bakarra dugula eta bizidun guztiok partekatzen ditugun ekosistemak geure biziraupenerako ezinbestekoak ditugula gogoratzea da. Udalak aukera paregabea du Plan Orokor berrian naturaren eta biodibertsitatearen kontserbazioa ezinbesteko elementu gisa txertatzeko.

Urtean zehar erakundeek egun bereziak izendatu dituzte gu, gizakiok, biodibertsitatearen parte garela, gainontzeko fauna eta florarekin ekosistemak partekatzen ditugula, mundua denon bizilekua dela eta planeta bakarra dugula gogora ekartzeko. Elkarren beharra dugu, eta dena ematen digun etxea ez badugu zaintzen, bizitokia galduko dutenak gu izango gara. Horrela izendatu ziren Basoen Eguna, Basabizitzaren Eguna, Uraren Eguna, Hezeguneen Eguna, Biodibertsitatearen Eguna, Ingurumenaren Eguna, Ozeanoen Eguna… Zer ospatu asko badugu, baina ama lurrari bizia bera zor diogula aitortzearekin batera, gogoetarako tartea ere bilatu beharko genuke, agerian baita oso ongi ez garela egiten ari.
Apirilaren 22rako proposatu zen Lurraren Eguna, eta 1969tik egiten da, nahiz eta aipatutako egun esanguratsuen artean beharbada oso ezaguna ez izan. Eguna izendatzearen zioa honezkero azaldu dugu, baina helburua gizateriaren joera aldatzen laguntzea bazen, ez du ematen askorako balio izan duenik. Izan ere, maiatzaren erdialderako, urte osorako dagozkigun baliabide naturalak kontsumituko ditugu. Esan dugu planeta bakarra dugula, baina horren jakitun izaki, eta sapiens sapiens garelakoan, nekez uler liteke gehiegizko kontsumo hori. Ura, energia, lurzorua, biodibertsitatea… Eta segi aurrera lasterketa eroan. Kapitalaren morroi bilakatu gara merkatuek agintzen duten honetan. Baina non ekoizten dira gauzak? Non gelditzen dira burujabetza eta subiranotasuna? Deslokalizazioa zioten batzuek, merkatu librea besteek, eta denok globalizazioan erori ginen, horren ondorioen preso ere baginela konturatu gabe kasik, pandemiarekin edo krisialdiekin ederki baieztatu ahal izan dugunez.
Merkea zena, azkenean, garesti ordainduko dugu
Esan bezala, urrutian, Asian batik bat, ekoizteari ekin genion, hango kostu baxuak zirela eta. Lan baldintzak, hango gizartearen arazoak edo produktuek egin beharreko neurriz kanpoko distantziak bost axola izan zaizkigu, harik eta hornidura zein logistika arazoak agertu diren arte. Orain, birplanteatzen ari da joandako faktorien etorrera. Batzuek asko irabaziko zuten, baina, azkenean, denok galtzaile, ezin baita hazi etengabe, naturaren lepora eta ingurumena kaltetu gabe ez bada.
Klima aldaketarena ez da berria, eta, berriki, hemengo erakunde publikoek, agerraldi ponpoxoekin, «Klima Larrialdia» aitortzearekin batera, beldur agertzen dira tajuzko edozein norabide aldaketaren aurrean. Koldarrak dira, bai, baina gizartea bera aldaketa horien beldur da, eta ez dirudi kontrakoa exijitzeko gauza izango denik. Aldaketa horiek, dena den, etorri egingo dira nahitaez, arestian aipatu legez, planetak bere mugak dituelako, arlo batzuetan aspaldian gaindituta.
Biodibertsitatearen galera arazo ezaguna da, eta entzungor agertu gara, halaber. Pandemiak argi eta garbi utzi digu zein larria bilakatu daitekeen. Adituek urteak daramatzate horren inguruan ohartarazten. Agertzen diren gaixotasun berrien hiru laurdenak, gutxienez, zoonosiak dira, eta lotura zuzena dute habitaten suntsiketarekin eta espezieen desagerpenarekin. Horri egungo globalizazioa eta gaien zein pertsonen mugimendu azkarra gehitu, eta pandemia ziurtatuta dugu. Ekonomiak agintzen duen honetan, ekologiaren mende gaude, berdin-berdin.
Arazo orokorrak hemen hasten dira
Beste artikulu batean aurreratu genuen Donostian kontsumitzen diren elikagaien (soilik elikagaiak!) %2a ere ez dela Donostialdean ekoizten. Nola liteke? Egiatan norbaitek sinesten al du Amazonia salbatuko dugula hemen ondoko basoak eta natura inguruneak kontserbatzeko gauza ez bagara? Non jartzen ditugu lehentasunak? Beste azpiegiturak, etxebizitzak edo dena delakoak zerrendaren hasieran jartzen ditugun legez, gelditzen zaigun ondare naturalaren kontserbazioak eta berreskuraketak lehen lerroan beharko luke, naturarik gabe ez baikara ezer. Gure gizartearen garapena ezin da Naturaren kontura izan. Horrek eskatzen du planifikazioa, eta hirian abian jarri den Plan Orokor berriaren idazketa prozesua aukera paregabea da.
Logikatik at, krisialdi ekologikoa areagotuko duten plataforma logistikoez mintzatzen zaizkigu batzuk, eta guk eraztun berde-urdina, korridore berdeak eta hiriko matriz berdea faltan botatzen ditugu. Mahai gainean jarri nahi dizkiegu. Orain arte ingurune naturala suntsitu dugu, berdeguneak eta hango fauna populazioak isolatu ditugu. Has gaitezen ingurunea lehengoratzen, zuzendu ditzagun politikak, parkeak eta berdegune horiek lotu ditzagun, berreskura ditzagun.
Itxuraz, guztiz berandu gabiltza, baina aldaketa sakona behar dugu, eta Plan Orokor berria norabide aldaketarako ziaboga izan liteke. Bide berriari ekiteko elkarlana nahitaezkoa izango da, eta udal gobernuak abiapuntuan bertan partaidetza bultzatu beharko luke. Ez dirudi, ordea. Prozesua nolakoa izango den ez dago oso garbi, behintzat. Gu, gizarte mugimenduetatik, ekarpenak egiteko eta iritzia emateko prest gaude, eta hala izatea udalaren esku dago. Hala bedi!