Arrano Etxea, animalia guztien etxea
Asko izan dira Igeldoko Arrano Etxetik pasatu diren animaliak: zaurituta aurkitutakoak, gurean ilegalki sartutakoak, galdutakoak, eta abar. Azken 36 urteotan, astean zazpi egunez eta egunean 24 orduz, Joxean Albisu eta Mertxe Garcia senar-emazteek animaliak artatu dituzte, euren bizimodua izan den lan nekaezin batean. Orain, merezitako erretiroa hartzeko garaia heldu zaie, eta Urnietako zentro berri batek hartu du erreleboa.
Igeldoko Agiti bidean, itsasora begira eta mastin batzuen zaintzapean dago Joxean Albisu eta Mertxe Garcia senar-emazteen Arrano Etxea. Zauritutako, galdutako edo gurean modu ilegalean sartutako animaliak osatzeko erreferentziazko gunea izan da Gipuzkoan azken 36 urteotan. Ordea, Garciak dioenez, «kasualitatez» hasi ziren: «Gure lagun batek, Aranzadikoa zenak, zauritutako arrano batzuk zituen etxean, eta bere emaztea nahiko nazkatuta zegoen animaliak han izateaz eta zaindu behar izateaz. Horrela, guk etxe hau erosi genuenean, lagunak Joxeani esan zion, ‘zuk orain lursail hori daukazunez eta animalien inguruko ezagutzak dituzunez, zergatik ez ditugu arranoak zure etxera eramaten?’. Hala egin genuen». Izan ere, Albisuk «berezkoa» du animaliekiko zaletasuna, haren hitzetan: «Haurra nintzela, Donibane Lohizunen [Lapurdi] erbesteratuta egon ginen 36ko gerraren garaian, eta hango frontoira jolastera joaten nintzen bakoitzean, sugandilekin, kakalardoekin eta askotariko animaliatxorekin itzultzen nintzen. Etxera sartu aurretik astindu egiten ninduten gainean neraman guztia ateratzeko».
Arrano haiek artatu eta hilabete batzuetara, 1987an, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu zuten, eta Arrano Etxea animaliak osatzeko Gipuzkoako zentro ofiziala izatera pasatu zen. «Behin hitzarmena eginda, jende arruntaz gain, aldundiko basozainak ere animaliak ekartzen hasi ziren, eta gure jarduna profesionalizatzen hasi zen», azaldu du Albisuk. Gero eta animalia gehiago artatzen hasi zirela gaineratu du Garciak: «Lehenengo zortzi ziren, gero hogei, gero 40… Horrela, urtero batez beste 500 bat animalia artatzera heldu arte». Gainera, datuek diote lan ona egin dutela Arrano Etxean: «Gutxi gorabehera, hona iristen diren animalien %60 inguru osatu egiten dira. Urtero datuak erregistratzen dira, eta aldundiak txosten bat egiten du», dio Albisuk.
Horrela, bikoteak animaliak buru-belarri zaintzen pasatu ditu azken 36 urteak; hori izan da euren bizimodua, ia atsedenik gabe, Garciak azaldu duenez: «Oso opor gutxi izan ditugu azken 36 urteotan. Biok elkarrekin, asko jota, hiru egunez joan izan gara, ezin genuelako etxea beste norbaiten esku utzi denbora luzez. Pentsa, apartamentu bat daukagu Mediterraneoan duela hogei bat urte, eta zazpi bat urtetan joan gara; eta, asko jota, hiru egunez».
Denetarik ikusi dute
Arrano batzuekin hasi ziren, baina ez dira horretara mugatu, eta mota askotako animaliak artatu dituzte: «Batez ere, hegaztiak izan ditugu, baina denetarik pasatu da hemendik: «Orkatzak, lepazuriak, katajinetak, azeriak, itsasoko animalia ugari, gaueko zein eguneko hegazti harrapariak, saiak, belatz handiak, loroak, ninfak, perikitoak, agaporniak, txolarreak, jendearen kaioleatik ihes egiten duten txoriak, sugeak, saguzarrak, armiarmak, izurde bat, bi lehoi, Gibraltargo tximuak, titi pigmeoak, Asiako tximu handi bat…». Tximuen, loroen eta lehoien moduko animalia exotikoak, gehienetan, Frantziako Estatuko mugan poliziak modu ilegalean ekarri nahi zituzten pertsonei atzeman ondoren eraman izan dizkiete, Albisuk zehaztu duenez: «Behin, mugan atzemandako 50 loro ekarri zizkiguten. Horrek egunero pipa zaku bat gastatzea dakar…».
«Izokin bat ere ekarri ziguten!», gogoratu du Albisuk, eta arrain gehiago ere artatu dituztela gaineratu du Garciak: «Arrain txiki asko ere ekarri izan dizkigute, esaterako, hustu izan dituzten urmaeletatik eta halakoetatik. Eta, itsas animalia ugari ere izan ditugu: itsas txakurrak, kaioak, zangak, ubarroiak…».
Urteek ematen duten esperientziari esker, animalia bakoitza nola tratatu behar den eta zer behar dituen ikasi dute, Albisuk azaldu duenez: «Kume bat ekartzen badizute, esaterako, elikatu egin behar duzu. Guk hori badakigu egiten, beraz, ez diogu inori deitu behar. Ordea, hegal bat hautsita duen hegazti bat ekartzen badizute edo ebakuntza behar duen animaliaren bat, albaitariari abisatu behar diozu». Hala ere, zauri txikiak dituzten animaliak ere eurek sendatu izan dituzte: «Animalia bat beirate batekin hartutako kolpe batekin ekartzen badigute, esaterako, badakigu 24 edo 48 ordutan bere kabuz sendatzen dela, itxaron baino ez da egin behar», azaldu du Albisuk. Ildo beretik jo du Garciak: «Askatu genuen azken animalia, esaterako, Igeldoko usapal bat izan zen. Buruan kolpatuta iritsi zen, eta burua okertuta izan zuen hiruzpalau egunez. Baina itxaron baino ez da egin behar, iritsi eta lauzpabost egunera ondo baitzegoen, eta askatu egin baikenuen. Animalia hori, aldiz, kalean uzten baduzu, hil egiten da, burua horrela izanda ezin baitu bere kabuz jan». Harago joan da Albisu: «Hegaletako hausketekin ere, askotan, hala izaten da. Hausketa ez bada irekia, hegaztia astebetez edo hamar egunez hegalak zabaldu ezingo dituen kutxa txiki batean sartuta baldin badaukazu, bere kabuz osatzen da. Janaria baino ez diozu eman behar».
Animalien zaintzarako sistema propioak ere badituzte, Albisuk azaldu duenez: «Amuak ateratzeko sistema bat asmatu nuen, adibidez. Normalean, amua urdailean sartuta izaten dute animaliek. Nik asmatutako sistemak bi hodi ditu: batek amua askatzen du, eta besteak bola bat darama, amua bola horretara lotu dadin, horrela modu garbian atera ahal izateko. Hori egin gabe amua ateratzen saiatuz gero, animaliaren barrualde guztia urratuko duzu, eta hil egingo zaizu, ziur».
Gauza bitxiak ere bizi izan dituzte animaliekin euren ibilbidean: «Behin, ibilgailu batek harrapatutako lepazuri bat ekarri ziguten, eta haurdun zegoen. Istripuaren traumarekin, haurdunaldia geldiarazi zuen, eta handik sei edo zortzi hilabetera bi kume agertu ziren», kontatu du Garciak. «Arrantzontzi batean agertutako hegazti harrapari bat ekarri ziguten behin, falkoneriako hegazti bat zena; hori bitxia izan zen», gogoratu du Albisuk. «Itsasoan aurkitutako orkatz bat ere ekarri ziguten behin. Gauza bitxi asko gertatu dira hemen, eta dei bitxi asko ere jaso izan ditugu… Baina, azkenean, urteekin, asko ahaztu egiten zaizkizu», gaineratu du Garciak.
Urnietako zentroarekin kezkatuta
Ia 40 urteren ondoren, merezitako erretiroa hartzea erabaki dute Arrano Etxekoek: «Batez ere, Joxeanen adinarengatik, ez delako gauza bera 40 urterekin lan egitea edo 80 urterekin baino gehiagorekin», nabarmendu du Garciak. Era berean, «hainbat faktorek» bat egin dutela gaineratu du: «Aldundiak lursail handi bat zuen aspaldi Urnietan, eta logikoena halako zentro bat aldundiaren jabetzako lursail batean izatea da, eta ez lursail pribatu batean. Guk duela hamabi bat urte planteatu genuen zentro berria irekitzeko garaia zela, baina atzeratzen joan da, orain arte. Animaliak ondo egongo ziren gune bat irekitzea baino ez genuen nahi».
Ordea, zenbait kezka dituzte Urnietako zentro berriaren funtzionamenduaren harira, esaterako, ordutegiei dagokienez. Izan ere, Albisu eta Garcia Arrano Etxean bizi direnez, animaliek 24 orduko arreta izan dute beti, berehalakoa. Orain, ordea, Urnietako zentroak ordutegi jakin bat dauka, eta horrek arazoak sortu ditzakeela deritzo Albisuk: «Aurrekoan, adibide bat jartzearren, Intxaurrondon aurkitutako birigarro kume bat ekarri ziguten, eta basozaina 18:00etan etorri zen haren bila. Galdetu nion ea zer egingo zuten animaliarekin une horretan, eta esan zidan Urnietara eraman behar zuela, ordu horretan dagoeneko han langilerik ez bazegoen ere. Baina, halako kumeek hiru orduan behin jan behar dute, eta nik janariz betetako zakutxo bat eman banion ere, hurrengo goizean zentroa ireki arte han ez bazegoen inor, nork emango zion janaria? Ez dakit zer irtenbide emango dieten halako egoerei».
Ildo beretik jo du Garciak: «Badakigu hemen egin duguna errepikaezina dela, ez delako erraza etxean bertan bizi diren pertsonek hartzea animaliak zaintzeko ardura. Baina, ezjakintasun handia dugu gauza askorekin: animaliak nola elikatuko dituzten, Joxeanek amuak ateratzeko asmatutako sistema ezagutzen duten, eta abar». «Ni desiratzen nago sistema hori irakasteko, niri animaliak inporta zaizkidalako, baina ez digute galdetzen», gaineratu du Albisuk. Senar-emazteen ustez, «hasieran behintzat», harremana egon beharko litzateke Urnietako zentrokoen eta euren artean, baina deitoratu dute ez dela hala izaten ari: «Animaliei buruzko ikasketak dituztenek teorikoki asko dakite, baina beste ezagutza batzuk esperientziak ematen dizkizu, eta bi ezagutza motak osagarriak dira. Orain ikusi beharko dugu nola funtzionatzen duen Urnietako zentroak, eta espero dugu ondo funtzionatzea, baina, dirudienez, ez dute gurekin harremanik izango. Hasieran behintzat harremanetan egon beharko ginateke, zentroak martxa hartu arte». «Azken finean, 36 urtetan liburuetan ez dauden gauza asko ikasten dituzu», nabarmendu du Albisuk.
Urnietako zentroa martxoaren 8tik dago irekita, eta Arrano Etxean osatzeko prozesuan zeuden animalia guztiak han daude dagoeneko. Soilik «berreskuraezinak» direnak gelditzen dira Igeldon, eta datozen sei hilabeteotan «ahalik eta gehien» beste zentro batzuetan «birkokatzen» saiatuko dira, Garciak azaldu duenez.
Kontzientziazioa handitu da
Azken 36 urteotan, gizartea zentzu askotan aldatu da, eta, Arrano Etxekoen ustez, animaliak gehiago errespetatzen ditu gaur egun jendeak. Bereziki, ehiztarien artean nabaritu dute hobekuntza: «Lehen, ehiza denboraldian, agian zauritutako zazpi animalia ekartzen zizkizuten egunero. Orain, aldiz, denboraldi osoan agian hamar animalia baino ez dizkizute ekartzen», nabarmendu du Garciak. Ildo beretik jo du Albisuk: «Orain, ehiztari batek zauritutako animalia bat aurkitzen badu, nahiko ohikoa da ehiztariak berak ekartzea. Duela hogei urte, pentsaezina zen: hor uzten zituzten, edo lepoa bihurritu eta zakura sartzen zituzten».
Oraindik, ordea, lan asko dago egiteke arlo horretan, eta aldundiak Urnietako zentroa horretarako ere aprobetxatu dezakeela deritzo Garciak: «Hezkuntza asko falta da, eta Urnietan espazio asko dutenez, han halako hezkuntza eta kontzientziazio jarduerak egiteko proposatu genion aldundiari».
Hori, ordea, ez dago Albisuren eta Garciaren esku, beraiek nahikoa lan egin dute. Lasai bizitzeko garaia da orain beraientzat, nahiz eta, Albisuk dioenez, animaliak euren bizitzetan presente egongo diren aurrerantzean ere: «Animaliekin lotura izaten jarraituko dugu, baina beste maila batean».