Eraikinen irisgarritasuna hobetzeko diru laguntza 30.000 eurokoa izango da gehienez
Donostiako Udalak, Donostiako Etxegintzaren bidez, 1,68 milioi euro bideratuko ditu bizitegi-eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea diruz laguntzera. Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek ebazpena sinatu du eta, ondorioz, diru laguntza hauek apirilaren 26tik, asteartetik, aurrera eskatu ahal izango dira.
Hiru mota ezberdinetako lanek jaso ahal izango dute diru laguntzak: Irisgarritasuna eta Eraikinen Azterketa Teknikoarekin lotura duten elementu komunak; energia-eraginkortasuna eta isolamendu akustikoarekin lotura duten elementu pribatuak, eta mugikortasun urriko edo 65 urtetik gorako pertsonen etxebizitzen birgaitzea; eta Alokabide udal-programaren bitartez alokairuan jarri nahi diren hutsik dauden etxebizitzen birgaitzea.
Birgaitzeko lehentasunezko beharra duten guneak
Arzallusek sinatutako ebazpenak lehentasunezko birgaitze beharra duten hainbat gune zehazten ditu, eta helburua da gune horiei irisgarritasunarekin lotura duten diru laguntzak handiagoak izatea, igogailuen, arrapalen eta plataformen instalaziorik ez duten etxebizitzatan horiek jartzeko.
Honakoak dira gune horiek: Altza, Egia, Intxaurrondo, Loiola, Martutene eta Miracruz-Bidebieta auzoak; eta Morlans, Heriz-Aitzgorri, Añorga, Errekalde, Manteo, Amara Zaharra, Parte Zaharra, Sagues, Iza, Igeldo, Ospitaleak eta Hipodromo-Bugatiko eremuak.
Gune horietan guztietan aipatutako irisgarritasuna hobetzeko diru laguntzak %20 eta gehienez 20.000 eurokoak izatetik, %30 eta gehienez 30.000 eurokoak, BEZ gabe, izatera pasako dira.
Tramitazioa: presentziala eta online
Diru laguntzak eskatzeko epea apirilaren 26an 09:00etan hasiko da eta abenduaren 30ean 14:00etan amaituko da. Dena dela, lehenago buka daiteke, baldin eta aurreikusitako diru-kopurua (1,68 milioi euro) amaitzen bada. Hori gertatuko balitz, zinegotzi delegatuaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke, baita udalaren webgunean ere.
Pertsona fisikoek modu elektronikoan egin ahal izango dute eskaera udal webgunean, B@kq ziurtagiri elektronikoa erabiliz, edo, modu presentzialean, aurretiko hitzordua eginda, Donostiako Etxegintzako bulegoan (San Martzial kalea 2) 09:00etatik 14:00etara astelehenetik ostiralera. Udalinfoko bulegoetan ere egin ahal izango da. Bestalde, pertsona juridikoek, eskaera modu elektronikoan egin beharko dute, udal webgunearen bidez.