Nahi eta saiatu, baina ezin
Golak sartzeko zailtasunak ditu Realak aspalditik, eta ezintasun hori agerian gelditu zen ostegunean ere, Bartzelonak baino hobeto jokatuta ere, txuri-urdinak ez baitziren gai izan baloia Ter Stegenen atean sartzeko.
Gaua ondo hasi zen: euria egiteari utzi zion, David Zurutuzak berriz ere Anoetako zelaia zapaldu zuen omendua izateko –aspaldiko partez, Zuru, Zuru! entzun zen berriz Anoetan–, Bartzelona bolada txar bat izaten ari zen eta Gerard Piqueren eta Luis Rubialesen arteko audioek hautsak harrotu berri zituzten. Ordea, 10. minutuan, aldapan gora jarri zitzaion gaua Realari, Dembelek bere jaurtiketa bat zutoinera bidali ostean, atzelariek lo hartu baitzuten, Bartzelonak arearen inguruan berreskuratu zuen baloia, eta Ferran Torresek erdiraketa bikaina egin zuen, Aubameyangek gola sartzeko.
Hortik aurrera, kanpora bidalitako bizpahiru jaurtiketa kenduta, Bartzelonak ez zuen askoz arrisku gehiago sortu Alex Remiroren atean. Realak, aldiz, aurrerapauso bat eman zuen, eta ez zion saiatzeri utzi, baina arrakastarik gabe. Isakek gol aukera izugarri argia izan zuen atsedena iristear zenean, Sorlothen jokaldi on baten ostean, baina Isak ez dago bere unerik onenean, ezta gutxiago ere, eta oso gaizki jaurti zuen.
Bigarren zatian, Reala are gehiago saiatu zen, baina ez zen gai izan golik egiteko. Sorlothek bi gol aukera argi izan zituen, esaterako: bat Ter Stegenek atera zion eta bestea kanpora bidali zuen. Rafinhak ere gol aukera bat izan zuen, baina Ter Stegen izan zuen aurrean. Azken minutuetan, penaltia eskatu zuten txuri-urdinek Sorlothen gol aukera batean, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. 0-1-ekoarekin amaitu zen neurketa, eta Realak gero eta urrunago du Txapeldunen Ligako posturen bat eskuratzea; hala ere, Europa ligako postua lortu dezake oraindik, lehia horretan oso bizirik baitago. Horretarako, ordea, aurrelariek hobetu beharko dute, denboraldi txarra egiten ari baitira golei dagokienez: Isakek bost gol baino ez daramatza ligan, eta Sorlothek soilik bi.
Aipagarria da hamar minutuko luzapena eman zuela epaileak, denbora asko galdu baitzen neurketan; alde batetik, Bartzelonako jokalariek nahita denbora galdu zutelako, baina baita Piqueri harmailatik objektu batzuk bota zizkiotelako ere. Azken asteko albisteengatik haren aurka txistuka hasi zen Anoeta, eta zale gutxi batzuek, likore botila txikiren bat, paper bolak, laranjak eta bestelakoak bota zituzten zelaira, beste zale askok jarrera hori gaitzesten zuten bitartean. Piquek azalpenak eskatu zizkion epaileari, harmailara modu harroputzean begiratzen zuen bitartean. Zelaira objektuak bota zituzten horien erruz, tarte horretan denbora dezente galdu zen.