Realak ligako liderra hartuko du etxean
Realeko belar hockey taldeak partida zail bat du asteburuan, Club de Campo liderra hartuko baitu etxean, Bera Beran. Neurketa igandean izango da, hilaren 24an, 11:00etan. Ligako azken-aurren jardunaldia izango da, eta, irabaziz gero, txuri-urdinek zazpigarren postua ia ziurta izango lukete, zortzigarrenak, Terrassak, hiru puntu gutxiago baititu. Hala ere, ez da neurketa erraza izango, Club de Campo garaipenaren bila etorriko baita, hiru puntuak eskuratuz gero, lehenengo postua erabat ziurtatuta izango lukeelako; bigarren sailkatuak, Sanse Complutensek, bost puntu gutxiago baititu.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ere ez du partida erraza izango igandean, ligako bigarren sailkatuaren etxean jokatuko baitu, Estudiantesen etxean. Gipuzkoa Basket ligako hamargarren postuan dago, eta Estudiantes, aldiz, lehenengo postua eskuratzeko lehia bizian.
Gainontzeko talde donostiarrek ez dute partidarik jokatuko asteburu honetan. Realeko nesken eta mutilen futbol taldeek datorren asteburuan izango dituzte hurrengo partidak eta Bera Berak bi aste barru. Ibaeta Basketek eta Txuri Urdineko nesken eta mutilen taldeek, aldiz, denboraldiak amaitu dituzte.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 17. jardunaldia
- Reala – Club de Campo (igandea, 24, 11:00etan).
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 30. jardunaldia
- Estudiantes – Gipuzkoa Basket (igandea, 24, 12:30ean).