Urumea ibaia garbitzeko piragua irteera antolatu dute
Urumea ibaiko hondakinak biltzeko irteera egingo dute apirilaren 30ean, 10:30ean. Jarduera honen helburua da naturan agertzen diren hondakinen kopurua murriztea, ingurumena zaintzearekin batera. Iaz hainbat edizio egin ziren, horietako batzuk herritarrentzat irekiak eta beste batzuk ikastetxeei zuzenduta. Aurten, eskola-umeekin berriro maiatzean eta ekainean egingo dira irteerak, eta helduei irekitako hondakin-bilketa batzuk ere egingo dira zenbait larunbatetan; lehenengoa apirilaren 30ean izango da. Irteerak Arrauning enpresaren bidez antolatuko dira.
Lehenengo hitzordua Loiolatarra kaleko 9. zenbakian izango da, eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Aldez aurretik izena eman behar da, izena, telefonoa eta Nortasun Agiriaren zenbakia duen mezu bat bidaliz ingurumena@donostia.eus helbide elektronikora. Plaza kopurua mugatua da.