Elkarrekin Donostiak ohartarazi du 31 autobus linearen ibilbidea ez dutela berreskuratu
Donostiako Udal Gobernuak iazko irailean 31 Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineako hainbat geltoki kendu zituen: Renferen geltoki aurrekoa, Pikabea, Santa Barbara, Nerecan, San Martzial eta Martillun. Udalak argudiatu zuenez, orduko 30 kilometroko abiadura mugarengatik kendu zituzten. Horiek berrezartzeko asmoa agertu zuen udalak, baina oraindik geltokiak ez dituztela berreskuratu kritikatu du Elkarrekin Donostia udal taldeak.
Azken udal batzordean, Haizea Garai zinegotziak 31 lineari buruz galdegin zion Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziari. Linea horretako geltokiak maiatzaren hasierarako berrezarriko zirela erantzun zion Garairi. “Gaineratu zuen Dbuseko langileen lan egutegia egokitu behar zelako ez zirela berrezarri. Hori aitzakia jasanezina da, jakinda lan egutegiak beranduenez urtarrilaren 1erako onartu behar dira. Aldiz, 31 lineako geltokiak berreskuratzeko mozioa iazko irailean bertan onartu zela udalbatzarrean. Ez dago aitzakiarik horrelako atzerapena izateko”.
Garairi “onartezina” iruditzen zaio udal gobernuak auzotarren eskaerei “entzungor” egitea, eta kolektiboen zein elkarteen eskaeren “aurkako erabakiak” hartzea. “Izan ere, kolektibo eta elkarte horiek eskatu zuten lineak ez ezabatzeko, neurria hartu baino lehen. Era berean, onartezina da berrezartzea onartu ondoren, hura denboran atzeratzea eta sinesgarritasun gutxiko aitzakiak jartzea, jakinda hasieratik zerbitzu hori galtzeak kalte handia egiten diola hiriaren ekialdeko auzoetako biztanleriaren zati handi bati”.