Aste Nagusian zezenketak debekatzeko exijitu du Elkarrekin Donostiak
Donostiako Udalari Illunberen erabilerari buruzko irizpideak berrikusteko eta udal azpiegitura honetarako beste aukera batzuk bultzatzeko eskatuko dio ostegunean, udalbatzarrean. Zezenketekin zerikusirik ez duten beste alternatiba batzuk bultzatu nahi ditu Elkarrekin Donostiak.
Aitzole Araneta koalizioko bozeramailearen mozio bat eztabaidatuko da udalbatzarrean, eta udal gobernuari eskatuko diote Illunbeko alokairua leheneratzeko, aurtengo abuztuaren 13an, 14an eta 15ean zezenketarik egin ez dadin. Aranetak defendatu du Illunbeko plaza birmoldatu egin dela, eta lurzorua aldatu egin dela, eta, beraz, guztiz bideragarria dela instalazio horri beste erabilera bat ematea. Izan ere, 2020an berritze lanak egin zituzten Illunbeko zezen plaza kendu eta erabilera anitzeko espazio bat egiteko.
Illunbe Aste Nagusian zezen ikuskizunetarako alokatuta baldin badago ere, koalizioak esan du udalak eskumena duela bere jabetzako azpiegitura horri zein erabilera eman erabakitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen moduan. Horregatik, Aranetak errefusatu egin ditu Eneko Goiaren argudioak, zezenketak ezin dituela debekatu ezarritako prezio publikoa ordainduz gero.
Azken bi urteetan ez da ohiko Aste Nagusia ospatu, eta, beraz, zezenketarik ere ez da egin Illunben. Aurten, ordea, Manuel Martinez Choperak iragarri du zezenketak egingo dituztela. Zezen plaza bihurtzeko muntaketa berezia egin beharko dute aurten.