Hiriko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egingo du udalak
Donostiako Udalak bi diru laguntza onartu ditu: Europako Next Generation funtsena eta Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarena. Bien bitartez emisio txikiko eremuak ezarri eta hiri garraioaren eraldaketa digital zein jasangarria egiteko proiektuak garatuko dituzte. Diru laguntza 12.053.374 eurokoa da.
Helburua hiriko airearen kalitatea hobetzea, CO2 emisioak murriztea eta udalerrian mugikortasun aktiboa sustatzea da, Klima DSS 2050 Planari laguntzeko.
Jarduera nagusiak, besteak beste, honako hauek dira: garraio publikoko autobusen flota modu iraunkorrean berritzea (12 metroko 13 autobus berri eta 18 metroko 6 autobus berri; hondakinak biltzeko bi kamioi elektriko erostea eta zerbitzuan jartzea; kotxetegiak elektrifikatzea eta 22 karga puntu ezartzea; autobus zerbitzuen digitalizazioa eta ingurumen hobekuntza taldean lan egin duten lau hiritan.
Next Funts horiek iristearekin batera, aurreikusitako jarduketa batzuk abian jartzen hasi dira. Adibidez, udalak hiri hondakin solidoak biltzeko bi kamioi elektriko (HHS) eskuratzeko kontratuaren espedientea onartu du. Bi kamioien lizitazio aurrekontua 1.240.000 eurokoa da, eta entregatzeko epea 2023ko azaroaren 15ean bukatuko da.
Bestalde, Tekia Ingenieros SA enpresari laguntza teknikoko kontratua adjudikatu diote, hirian emisio eta zarata baxuen lehen eremua kontrolatu eta kudeatzeko hainbat neurri teknologiko ezartzeko, funts berberekin finantzatuko dena. Kontratu honen adjuzikazio prezioa 55.055 eurokoa da, eta iraupena gehienez hiru hilabetekoa.