'Zinea' ataria zinema kritikari bila dabil
Zinea atariak VIII. Kritika Lehiaketa abiatu du, urtebetez Zinea.eus-en zinema kritikak idatziko dituen kritikaria hautatzeko. “Aurten ere, zinemari buruzko errepertorioa biribiltzeko asmotan, zinema aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzeko asmoa dugu. Hori dela eta, zeregin horretaz arduratuko den laguna behar dugu, zineman jarduten duen norbait, ala besterik gabe, zinemazalea den edonor”, azaldu du Zinea-k.
Parte hartzeko, 2021etik aurrera estreinatutako film bat aukeratu beharko da, eta kritika bat idatzi, maiatzaren 31 baino lehen info@zinea.eus helbide elektronikora bidaltzeko. Kritika guztiak argitaratzen joango dira, epaimahaikideek lanak baloratzeaz gain, Zinea-ko irakurleek ere irakurri eta balorazio propioak egin ditzaten. Irabazlea ekainaren erdialdean iragarriko dute, eta uztailean hasiko da Zinea-rekin lan egiten.
“Urtebeteko lana izango da. Astero-astero zinemara joan beharko duzu, film bat arretaz jarraitu eta, ondoren, eragin dizun hausnarketa publiko zabal batekin partekatu beharko duzu. Trukean, ospea, loria eta dirutxo bat jasoko dituzu. Erronka onartzeko prest?”, azaldu Zinea-k. Gainera, zinema kritikak IRUTXULOKO HITZAn ere argitaratu ohi dira (paperean eta webgunean), Zinea-k astero hedabide honetan egiten duen kolaborazioan. Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke. Azken urteotan, Uxue Arzelus, Aritz Sorzabal, Mikel Zumeta, Zigor Etxebeste, Sara Hernandez, Ixone Santamaria eta Txomin Lasa aritu dira Zinea-n kritikari lanetan.