Afrikako etorkizuneko belaunaldiari buruzko erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 3tik aurrera
'Indestructibles' erakusketako argazki bat. Indestructibles argazki erakusketa ibiltaria Donostian egongo da ikusgai maiatzaren 3tik aurrera, EHUko Carlos Santa Maria liburutegian. Inaugurazio ekitaldia 18:00tan hasiko da, egileak, Xabier Aldekoa kazetaria eta Alfons Rodriguez argazkilari eta dokumental ekoizlea bertan direla. Bi urte baino gehiagoz Afrikako hamar herrialdetan zehar egindako irudien atzean dauden istorioak kontatuko dituzte: Etiopia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Txad, Madagaskar, Mozambike, Uganda, Ginea Bissau, Cabo Verde, Mali eta Gambia. Argazki erakusketa maiatzaren 30era arte egongo da ikusgai.
Argazki erakusketa proiektu handiago baten parte da. Hainbat formaturen bidez aurkezten da, hala nola, kazetaritza-erreportajeak, kazetaritza-liburu narratibo bat, argazki-liburu bat, eskoletarako proiektu pedagogiko bat, webdoc bat edo Malagako Zinemaldiaren 25. edizioan estreinatutako film dokumental luze bat. Gaur egungo haurtzaroaren bitartez, Afrikako etorkizuneko belaunaldiari bestelako begirada bat eskaintzea da Indestructibles proiektuaren helburua.
Maiatzaren 3ko 18:00etako bisita gidatuan izena emateko formulario hau bidali behar da. Edo honako helbide elektronikora idatzi: oihane@jovenesydesarrolllo.org

