EH Bilduk garraio publikoaren tarifak jaistea proposatu du
Mugi txartelak tarifa berrituak izango ditu urte amaiera arte Biharko udalbatzarrean Mugi txartela izango dute hizpide. Hain zuzen ere, EH Bilduk eta PSE-EEk erdibideko mozio bat adostu dute pertsona zaurgarrienen egoera arintzeko neurriak har daitezen eskatzeko.
“Milaka donostiarrek erabiltzen dute Gipuzkoako garraio publikoa, eta beharrezkoa da, zeresanik ez gaur egungo testuinguruan, tarifen jaitsiera, egiten den bidaia dena dela ere, edo erabiltzen den garraiobidea trena, Lurraldebus eta Dbus zerbitzua izanda ere”, dio EH Bilduk. Hori dela eta, 1/2011 Foru Dekretuaren 2. Xedapen Gehigarria “behingoz” aktibatzeko unea dela uste dute. “Bidegiren diru bilketaren ehuneko bat garraio publikoa sustatzera bideratzea jasotzen du xedapen honek, Europako zuzentarauak irekitzen duen aukera baliatuz”.
Mugiren “filosofian sakonduz”, beharrezkoa iruditzen zaie “laugarren tarte bat” sortzea, deskontuak sektore gehiagotara zabaltzeko. “Zehazki, laugarren tarte horrek garraio publikoa gehien erabiltzen dutenen erabilera merkatzeko balioko luke (hilean 31tik 50 bidaiatara). Era berean, deskontu-tartearen bigarren zatia ere jaistea proposatzen dugu, hogei bidaiatik hamaseira”.
EH Bilduren ustez, garraio publikoaren sistema –Euskotren, Renfe, Lurraldebus eta Dbus– inoiz baino gehiago indartzeko momentua da: “Pandemian galdu dituen erabiltzaileak berreskuratu eta sistemara erabiltzaile berriak erakartzeaz gain, Mugi sistema martxan jartzeak ekarri zuen iraultzan sakondu behar da. Zalantzarik gabe, doako aldaketek erakargarriago egin dute Mugiren erabilera”.

