Erroten eguna egingo da lehen aldiz maiatzaren 8an
Maiatzaren 8an, igandea, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko da lehen aldiz, eta horrekin batera, ondare elementu horien inguruko jarduera programa zabala egingo da, horiek balioan jarri eta herritarrei ezagutarazteko.
Gipuzkoako Erroten Eguna ospatzeko ekimena Ihurrita Errota elkarteak bultzatu du, eta lurraldeko hainbat elkarte, udalerri eta eragileren laguntza izan du, besteak beste, San Telmo Museoarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Herritarrei errotak hobeto ezagutzeko eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea du helburu: “Historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak”.
Errotak, ondare
Errotak “gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira”. Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean mende askotan zehar garrantzi handia izan dutela adierazi dute aurkezpen ekitaldian.
Azaldu dutenez, gaur egungo erroten panoramak ez du zerikusirik duela mende batzuetako egoerarekin, ezta “Antxon Agirre Sorondok duela 40 urte Tratado de Molinología lanean bildutako 600 errota baino gehiagorekin ere. Iraganeko garrantzi ekonomikoa galduta, errotek ondare balio berria hartzen dute, bizimodu bati eta gizarte baten jakintzen transmisioari estuki lotutako jarduera batena”.
40 jardueratik gora
40 jarduera baino gehiagok publiko guztiarentzako egitaraua osatzen dute, besteak beste, errotagintza topaketa, hitzaldiak, bisita gidatuak, haur eta familientzako tailerrak, martxak, erromeriak eta ate irekien egunak. Zehazki, Aia, Altzo, Amezketa, Antzuola, Arama, Asteasu, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Beizama, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Eskoriatza, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Irun, Larraul, Legazpi, Mutiloa, Oiartzun, Oñati, Ormaiztegi, Tolosa, Usurbil, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil eta Zumaian egingo dira jarduerak.
Apirilaren 29an hasiko dira Gordailuan bisita gidatu batekin eta Igartzako errotan zabalduko den erakusketarekin, eta apirilaren 30a egun seinalatuetako bat izango da, Larraulen egingo den errotagintza topaketarekin, non goizean zehar edizio honetako parte hartzaileak bilduko diren. Donostian, San Telmo museoan maiatzaren 3an, ‘Gipuzkoako errotak. Atzo eta gaur’ hitzaldia eskainiko da.
Jaitsi jarduera egitaraua: Gipuzkoako Erroten Eguna.