Zezenketak Illunbera itzuliko dira Aste Nagusian
Donostiako Udal Gobernuak Elkarrekin Donostiaren eskaeraren kontra bozkatuko du bihar, apirileko osoko bilkuran. Udal taldeak “zezenketak debekatzeko” eskatu dio udalari, eta horren inguruko mozio bat aurkeztuko dute, azpiegiturari beste erabilera batzuk emateko.
Azken bi urteetan ez da ohiko Aste Nagusia ospatu, eta, beraz, zezenketarik ere ez da egin Illunben. Aurten, ordea, Manuel Martinez Choperak iragarri du zezenketak egingo dituztela. Zezen plaza bihurtzeko muntaketa berezia egin beharko dute aurten, udako berritze lanetan lehengo zezen plazako hainbat elementu kendu egin baitziren. EAJk eta PSE-EEk aurreratu dutenez, Martinez Choperaren alokairu eskaerari ezin diote “uko egin”. Horrekin batera, nabarmendu dute ezin direla zezenketak debekatu, Espainiako legediak baimentzen dituelako.