Zurriolako sorosleen zerbitzua apiriletik urrira mantentzeko eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiak mozio bat aurkeztuko du osteguneko udalbatzarrean, Zurriolako hondartzako sorosleen zerbitzua apiriletik urrira funtzionamenduan egon dadila eskatzeko. Koalizio aurrerakoiak salatu du hiriko hondartzetan “segurtasun falta” dagoela, “baliabiderik ez dagoelako eta prebentzio arloko protokoloetan aurrerapenik ez dagoelako”. Mozioan, hondartzetan lan egiten duten kolektibo profesionalen –surf elkarteak, hondartzako eta sorospeneko kirol jarduerak, eta abar– eskaerei erantzuteko eta segurtasuna hobetzeko eskatuko dute.
Era berean, udal gobernuari eskatuko diote “suhiltzaileei prestakuntza espezifikoa eta espezializatua eman diezaiela itsas salbamenduan, herritarrei arreta egokia emateko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko”. Hiriko sorosleen zerbitzuak ekainetik irailera bitartekoak direla gogoratu dute Elkarrekin Donostiakoek, eta, Zurriolan, zerbitzu hori “gutxienez hiru hilabetez” luzatu behar dela deritzote. Era berean, “hondartzetako segurtasuna hobetzearren”, eskatu dute urte osoan “informazio zehatza eta eguneratua duten kartelak jartzeko, uretan sartzean arriskuak saihesteko, QR teknologia barne, telefono mugikorretik informazioa eskuratu ahal izateko”.