Illunbeko zezenketak debekatzeko eskaera baztertu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk
Abuztuaren 13an, 14an eta 15ean zezenketak egingo dituzte Illunben. Hori dela eta, Elkarrekin Donostiak mozio bat aurkeztu du apirileko udalbatzarrean, astean zehar iragarri bezala. Udal gobernuari eskatu diote zezenketak debekatzeko, baina kontrol mozioaren aurka bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Soilik EH Bilduk babestu du.
Aitzole Aranetak nabarmendu duenez, udal gobernuak eskumena du udal eraikin bati zein erabilera eman nahi dion erabakitzeko eskumena. Horrekin batera, Chopera familia Illunbeko galeraren erantzuleetako bat dela gaineratu du. Hain zuzen ere, familia horrek antolatuko ditu zezenketak datorren Aste Nagusian. “Hala ere, enpresa horrek dirua irabazten jarraituko du”, salatu du Aranetak. EH Bilduk bat egin du eskaerarekin, eta Reyes Carrere bozeramaileak ondorengoa adierazi du: “Udal gobernu honek beste alde batera begiratzen du gai honekin, ez du konprometitu nahi. Badaude mekanismoak espektakulu zaharkitu hauek saihesteko”.
Udal gobernuaren izenean Eneko Goia alkateak hitz egin du. Zezenketen eztabaidari dagokionez, “zuhurtasunez” hitz egitea “ezinbestekoa” dela esan du: “Espainiako Gobernuak du gai honekiko erantzukizuna, beraiek debekatu ditzakete zezenketak. Zuek erantzukizuna alkate eta udal honi egozten diozue. Guk alokairu eskaera bat jaso dugu, prezio publiko bat duena. Legala den heinean, onartu daiteke”.
Alkateak emandako argudioak “aitzakiak” direla adierazi du Aranetak: “Udal gobernu honek erabaki dezake zezenketak ez egitea, bere udal eraikinak erregulatu ditzake. Borondate politikoarekin posible da”. Azken txanda baliatuta, Goiak erantzun dio “gauzak nahasten” ari dela. “Kontsultak ezin dira egin Auzitegi Gorenak hala ebatzita. Zuek Espainiako Gobernuan zaudete, eta han erabaki dezakezue honen inguruan. Zuek jakingo duzue zein arazo duzuen zuen gobernuko kideekin. Ezin duzuena da erantzukizuna gure gain utzi, onartezina da”.