Larunbatean hasiko dira berriz Dantz pointen aurrez aurreko emanaldiak

Datorren larunbatean Dantz Pointen aurrez aurreko ikuskizunak itzuliko dira, pandemiagatik streaming bidez izan ostean. Larunbateko saioa Paolo Solo Furoniarekin izango da, 19:00etan, Lasarte-Oriako Brigiden komentuan Ondoren, uda amaitu arte Gipuzkoako puntu ikonikoetan egingo diren ekitaldien gainerako datak iragarriko dira: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak, Kursaaleko terrazak eta beste hainbeste izango direla iragarri dute-
Dantz Pointek ondarea musika elektronikoarekin eta abangoardiako musikarekin uztartzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren babesa du. Aurkezpen prentsaurrekoan Harkaitz Millan Kulturako diputatua, Jokin Telleria Dantzeko arduraduna, Mertxe Urteaga Kultura Saileko teknikaria eta Iker Furones (Paolo Solo) eta Paula Cornejo (Furonia) DJ lasarteoriatarrak izan dira.
Millanentzat “Dantz Point ezinbesteko hitzordua da, Gipuzkoako gune berezienak berraurkitzeko, zabaltzeko eta indartzeko, bai tokian-tokian, bai nazioartean. Gainera, musika abangoardista eta elektronikoenaz gozatuz, leku desberdinetara hobekien moldatzen dena baita, moldagarritasuna, malgutasuna eta estiloen irekitasuna direla eta”.
Dantz proiektua 2017an sortu zen, eta, ondoren, 2019an, Dantz Point proiektua hasi zen. Duela bi edizio, nazioarteko sari bat lortu zuen Dance Televisionen eskutik.