Lur Barnea bandak 'Badator Inguma' abestia estreinatu du
Euskal Herriko historia aztergai duen Lur Barnea alboka rock taldeak single berria plazaratu du: Badator Inguma. “Nor da Inguma? Noiz agertzen da? Zer egiten die biktimei? Ba al da ihesbiderik? Albokaren soinuak izaki misteriotsu bezain gaizto honen mundura hurbiltzen gaitu gaur bertan estreinatu den folk-rock abestian”, azaldu du Aingeru Gorrotxategi taldekide donostiarrak.
“Gai historiko eta mitologikoak lantzen ditugun aldetik, gure abestiak oso deskribatzaileak dira eta horregatik ilustrazioekin batera argitaratzen ditugu; helarazi nahi dugun ideiaren osagarri dira”, gaineratu du. Hori dela eta, Ander Hernandez ilustratzaileak egindako marrazkiekin osatu dute abesti berriaren bideoa.
Lur Barnea taldearen hazia Gorrotxategi donostiarrak eta Eneko Benito albokariak (Garilak 26) erein zuten duela urte batzuk, eta abestiak argitaratzen dituzte noizean behin. Gaur egun Amaiurko V. mendeurrenaren defentsari buruzko trilogia bat idaztean ari dira.