Terrazen inguruko behin-behineko neurriak bertan behera utziko ditu udalak
Ser irrati kateak argitaratu duenez, Eneko Goia alkateak atzo, hilaren 27an, sinatu zuen Donostiako ostalaritza establezimenduen terrazen inguruko behin-behineko neurriak bertan behera uzteko ebazpena. Hain zuzen ere, pandemiaren harira ezarritako ostalaritzan ezarri zituzten neurri murriztaileak konpentsatu nahian, espazio publikoan terrazak jartzeko baimena eman zuen udalak (plazetan eta aparkalekuetan, esaterako), baita ordutegiak malgutzeko ere.
Duela hainbat astetatik, aldiz, ez dago pandemiarekin lotutako neurri murriztailerik indarrean ostalaritzan. Horregatik, alkateak behin-behineko neurri horiek bertan behera uzteko ebazpena sinatu du dagoeneko. Hala ere, udalak oraindik ez du jakinarazi noiz sartuko den indarrean ebazpen hori.
Udalak 2020ko azaroan ezarri zituen ostalaritza establezimenduen terrazen araudia malgutzen zituzten neurriak, pandemia ostalaritza establezimenduetan eragiten ari zen kalteak arintzeko. Horrela, gaur egun, establezimendu ugarik espazio publikoan dituzte jarrita euren terrazak, behin-behinean. Iazko urrian, egoera epidemiologikoa hobera egiten ari zela ikusita, udalak iragarri zuen 2022ko urtarrilaren 31rako kendu egin beharko zituztela behin-behineko terrazak, indarrean dagoen araudia betetzera itzuliz. Urte hasieran, ordea, egoera epidemiologikoak berriz ere okerrera egin zuela ikusita, terrazen neurriak luzatzea erabaki zuen udalak, eta, otsailean, alkateak adierazi zuen “zuhurtziaz eta presarik gabe” jokatu behar zela.