Udal gobernuak ez du gaztelaniazko hedabideetan adina publizitate instituzional jarriko euskarazkoetan
Euskarazko hedabideetan publizitate eta komunikazio kanpaina instituzional gehiago kontratatzeari buruzko mozioa aurkeztu du EH Bilduk, apirileko osoko bilkuran. Soilik Elkarrekin Donostiak babestu du, eta kontra bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Jon Insausti Euskara zinegotziak hitz egin du udal gobernuaren izenean, eta eskaera ez babesteko arrazoiak eman ditu: “Mozioak dio udal honek politika baztertzaileak erabiltzen dituela, eta hori ezin da onartu. Gainera, mozio honek zalantzan jartzen du udaleko komunikazio sailak egiten duen lana. Bestalde, egindako eskaerak eztabaidagarriak dira”.
Mozioaren aurkezpena eta justifikazioa Zigor Etxeburua zinegotziak egin du: “2020ko urrian, EH Bilduk iradokizun bat egin zion udal gobernuari Donostiako Udalaren publizitate instituzionala, gutxienez, erdarazko hedabideetan adina kontrata zezan euskarazkoetan. Gainera, udal talde honek proposatu zuen neurri hori indarrean jartzea iradokizuna aurkeztu eta hurrengo hilabetetik aurrera, horretarako komunikazio sailaren protokoloetan txertatuta. Gobernantzako zinegotzi ordezkariak erantzun zuen kontuan hartuko zutela proposamena”.
Dena dela, zinegotziak gaineratu du martxoan EH Bilduk idatzizko galderak egin zizkiela udaleko zinegotzi ordezkariei, haien mendeko udal sailetan, 2021. urtean, kontratatutako publizitatearen inguruan. “Jasotako erantzunak aztertuta, argi ikusten da udal gobernuak jarraitzen duela publizitate instituzionala nagusiki erdal hedabideetan kontratatzen: udal gobernuak 496.408 euro erabili ditu publizitate instituzionalean, baina diru horren %6,43 besterik ez du kontratatu euskarazko hedabideetan. Era berean, Hedabide Agentziaren bidez kudeatutako publizitatearen %12,24 besterik ez du kontratatu euskarazko hedabideetan (Euskadi Irratia eta Gaztea barne)”.
Udal batzorde batean, EH Bilduk udal gobernuari ondorengo galdera zuzendu zion: “Zergatik ez dio men egin erdal hedabideetan adina publizitate euskarazkoetan jartzeko udal talde honek egindako iradokizunari?”. Era berean, Eneko Goia alkateari galdetu zioten zergatik onartzen duen publizitate instituzionala kudeatzeko “praktika baztertzaile” hori. Erantzunean, Euskara zinegotzi Jon Insaustik “ihesbide gisa” terminologiazko eztabaida bat baliatu nahi izan zuela adierazi du Etxeburuak.
Udal gobernuaren datuek “argiki” erakusten duten “bazterkeriazko praktika” seinalatu du EH Bilduko zinegotziak, eta mozioaren bidez hiru eskaera egin ditu: “Lehenik, udal gobernuak bilera bat egin dezala hiriko eta herrialdeko euskarazko hedabide nagusietako ordezkariekin eta euskarako hedabideen ordezkari den Hekimen erakundearekin, udalak publizitate eta komunikazio kanpaina instituzionaletan erabiltzen dituen hizkuntza irizpideak azaltzeko, eta euskarazko hedabideek izan ditzaketen zalantzak argitzeko eta beraien eskaerak jasotzeko. Bigarrenik, udal gobernuak gutxienez gaztelaniazko hedabideetan adina komunikazio kanpaina, publizitate eta iragarki espazio kontratatu ditzala hiriko eta herrialdeko euskarazko hedabideetan eta bide horretan, aurten, gutxienez, bikoiztu dezala euskarazko hedabideetan kontratatuko duen publizitate eta komunikazio kanpaina instituzionalen kopurua, eta joera horri eutsi diezaiola datorren urtean ere. Eta hirugarrenik, udal gobernuak urratsak egin ditzala HAKOBA egituran, tokiko erakundeen publizitate eta komunikazio kanpaina instituzionalen nolakoa zehazten duten erkidegoko eta lurralde historikoetako araudiek kontuan har dezaten bi hizkuntza ofizial izatetik eratortzen den beharkizuna, gutxienez gaztelaniazko hedabideetan adina publizitate eta komunikazio kanpaina kontratatu dadin euskarazko hedabideetan”.
Diru laguntza zuzenak
Eztabaida piztu da Etxeburua eta Insausti zinegotzien artean. Arestian aipatu bezala, Euskara zinegotziak mozioaren justifikazioa kritikatu du: “Mozioak irakurtzean eskaerak ez ezik, justifikazioak ere irakurtzen ditugu”. Horrekin batera, Insaustik udalaren hizkuntz politika babestu du, eta adibide gisa jarri ditu udalak euskarazko hedabideei ematen dizkien diru laguntza zuzenak. Era berean, gaztelaniazko hedabideetan jartzen duten publizitatearen aldeko argudioak eman ditu: “Laguntza horien bitartez hedabide lehiakorragoak lortzen ditugu. Horrela, gaztelania hutsean lan egiten dutenek euskara sartzen dute euren hedabidean”.
Azalpenak azalpen, Etxeburuak ere erantzun dio Euskara zinegotziari: “Ustez hirian gehien saltzen duen erdal hedabidean 20 aldiz publizitate gehiago jartzen duzue, Donostiako euskarazko hedabide bakarrean baino. Horrekin ez diozue inolako begirunerik adierazten hedabide horri eta hedabide horren langileei”. Era berean, EH Bilduko zinegotziak azaldu du hirian “bi hizkuntza komunitate” daudela, eta horiei begira lan egin behar duela udalak. “Bi hizkuntz komunitaterekin batera, bi hedabide talde daude [gaztelaniazkoak eta euskarazkoak], eta bientzat jarri beharko genituzke baliabideak. Zehazki, euskarazkoei baliabide gehiago jarri behar zaizkie orekatzeko, baina udala ez da bide horretan ari”.
Azken hitza Insaustik hartu du, udal gobernuari dagokiolako mozioen txanda ixtea osoko bilkuraren araudia aldatu zutenetik. Etxeburuari adierazi dio EH Bilduk 2022ko udal aurrekontuen zirriborroari aurkezturiko zuzenketen artean komunikabideei diru laguntzak gutxitzea proposatu zuela. “Ez dakit nola finantzatu nahi dituzuen hedabide horiek, aurrekontuetan diru kopuru hori murriztea proposatu duzuenean”.