36ko gerran fusilatutako Donosti Berriko presidente Marcelino Celigueta omenduko dute
Donosti Berri elkarteak larunbatean, hilaren 30ean, ospatuko du bere 100. urteurrena, eta prestatu duten egitarauaren barruan, Marcelino Celigueta omenduko dute, Osasun Iturria kalean hari eskainitako plaka bat jarriko baitute, 12:30ean. Izan ere, Donosti Berriko lehenengo bazkide eta presidenteetako bat izan zen Celigueta, eta frankistek 36ko gerran fusilatu zuten, Donostia euren mende gelditu zenean. Hain zuzen ere, Celigueta omentzeaz gain, frankistek erail zituzten Amarako bizilagun guztiak omentzeko aprobetxatuko dute Donosti Berrikoek larunbatean. Hedabide honek elkartearen historiari buruzko erreportaje zabala argitaratu du, eta hemen irakur dezakezue.
Celigueta pertsona ezaguna zen Amaran XX. mendearen hasieran, Donosti Berriko presidentea izateaz gain, txurrogilea zelako. Hain zuzen ere, Amara kalean zegoen bere txurro denda, gutxienez, 1930eko hamarkadatik. Ordea, bi hilabetez Donostiako herritarrek frankistei aurre egitea lortu bazuten ere, 1936ko irailaren erdialdean tropa kolpistek hiria hartu zuten, eta hori izan zen Celiguetaren eta beste donostiar ugariren amaiera. Iñaki Egaña historialariak udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Ondarreta. Gezalaren kartzela argitalpenean (2012) azaldu zuenez, Ondarretako espetxean sartu zuten Celigueta, eta, ondoren, Hernanin fusilatu zuten.
Celiguetatarrek negozioarekin jarraitu zuten
Marcelino Celigueta hilda ere, haren semeek txurroak egiten jarraitu zuten, urte luzez. Hain zuzen ere, semeetako batek, Angel Celiguetak, beste txurro denda ezagun bat ireki zuen 1960ko hamarkadan: Parte Zaharreko San Lorenzo kalekoa. Era berean, bera izan zen Celigueta patata frijituen marka ezaguna ospetsu egin zuena. Izan ere, Realaren kolore txuri-urdinak zeramatzaten Celigueta patata frijituen poltsek Angeli esker, patata haiek saltzen ziren leku guztietan Reala presente egon zedin.
Angel Celigueta zendu baino urtebete lehenago, 2009an (2010ean zendu zen, 88 urterekin), Jose Ignazio Piter Ansorena txistulariak haren aitaren, Marcelino Celiguetaren, omenezko kanta bat berreskuratu zuen urtarrileko kontzertuan, eta Angelen beraren aurrean jo zuen udaletxeko udal batzar aretoan. Hala zioen abesti horrek: “En Amara 35 hay una gran churrería; Marcelino Celigüeta de fama reconocida; en churros y chocolates, cafés y buenas bebidas; y un salón de gran confort para las niñas bonitas. Es verdad, sí señor, para las niñas bonitas”.