Intxaurrondok zahar etxe berria du
Atzerapen askoren ondoren, azkenean, Intxaurrondok zahar etxe berria du, Zarategi pasealekuko 66. zenbakian, Mons eta Zarategi pasealekuen arteko biribilgunearen ondoko eraikin berrian. Ostiral goizean inauguratu dute Intxaurralde pentsiodunen eta erretiratuen elkarteak (beraiek kudeatuko dute zahar etxea), Eneko Goia alkateak Donostiako Udaleko hainbat ordezkarik.
Elkarteko presidente Isabel Mancisidorrek eskerrak eman dizkie zahar etxea ireki ahal izateko lan egin duten guztiei, eta pozik agertu da irekierarekin: “Espero dezagun toki hau benetako etxe bat eta elkartzeko gune bat izatea guretzat”. Alkatea ere pozik agertu da zahar etxearen irekierarekin, eta Intxaurraldekoek izan duten “pazientzia” eskertu du: “Oso pozgarria da gaurkoan hemen egon ahal izatea, gertatutako guztiaren ondoren, iritsi delako hainbeste espero genuen eguna. Lursail honetan amiantoa agertzea baino ez zen falta”. Izan ere, atzerapen eta oztopo ugari izan ditu proiektuak: 2013an onartu zuten proeiktua estreinakoz, eta 2014an eraikuntza baimena onartu zuten, baina lanak ez ziren 2016ra arte hasi. Eraikinak prest egon behar zuen 2018ko udaberrirako, baina zimendu sistemarekin arazoak izan ziren, eta lanak eten egin ziren 2017ko uztailetik 2018ko ekainera. 2020ko udazkenerako prest egon behar zuen, baina, azkenean, gehiago atzeratu zen.
Era berean, Intxaurralderen jarduna goraipatu du Goiak: “Zuen lana ordezkaezina da, komunitatea egiten jarraitzeko”. Izan ere, Intxaurralde 1987an sortu zen, eta, gaur egun, adinekoentzako hainbat jarduera antolatzen ditu; prebentziozkoak, kulturalak, aisialdikoak, eta abar. Azken horien artean, udalak nabarmendu du auzoko estalitako petanka pistan egiten dutena: “Elkarteko kide batek koordinatuta, egunero hogei pertsona inguru mugitzen ditu, urteroko txapelketa bat egiteaz gain”. Elkarteak 300 bazkide ditu gaur egun (213 emakume eta 87 gizon).
500 metro koadro eta 500.000 euro
Zahar etxe berriko instalazioek ia 500 metro koadro dituzte, eta udaleko Gizarte Ekintzak eta Etxegintzak elkarlanean egin dute, ia milioi erdiko inbertsioa eginda: 480.634 eurokoa, zehazki. Intxaurraldek kudeatuko dituen instalazioak Etxegintzak Monsen eraiki dituen apartamentu dotazional berrien behealdean daude, eta honako zerbitzuak eskainiko dituzte: taberna, jangela, ile apaindegia, higienea, oinak eta eskuak apaintzeko zerbitzua eta kanpoko terraza, besteak beste. Orain arte, elkarteak ezin izan ditu zerbitzu horiek eskaini, Txarako gunean lekurik ez zegoelako.
Establezimendu berriak bi areto zabal ditu, bakoitza 50 metro koadrokoa baino gehiagokoa, batzarretarako bulego bat, ile apaindegia, bilera gela, sukaldea, jangela, taberna-kafetegia, harrera gunea, komunak, aldagelak, biltegia eta beste espazio batzuk. 284 metro koadroko terraza bat ere badauka.
Udalak azaldu duenez, zahar etxean aurreikusten diren zerbitzu berrien artean, Goizaldiak adineko ahulen eguneko arretarako udal zerbitzua ere dago. Udaren amaieratik aurrera jarriko dute martxan Intxaurrondon, astean hiru egunetan, 10:00etatik 13:00etara.