Popatik bandak 'Maitatzeari' ikuskizuna estreinatuko du
Aingeru Mayor donostiarrak, Ekaitz Goikoetxeak eta Xabier Crehuetek osatzen dute Popatik banda, eta euren lehenengo lana da 'Maitatzeari'.
Popatik taldea. (Argazkia: Asier Bastida) “Bizitzaren kausalitateek elkartu gintuzten eta elkartze horretatik kasualitatez kanta bat ondu genuen elkarlanean. Kanta horren ostean kanta gehiago etor zitezkeela amestu genuen. Maitatzeari buruzko kantak. Eta Popatik proiektu poetiko-musikala sortzea erabaki genuen”. Hala definitzen du Popatik bandak bere sorrera, eta, orain, egin duten ibilbidearen lehenengo fruituak aurkeztuko dituzte Tabakaleran.
Hamar kantaz osatutako Maitatzeari bilduma osatu dute, eta Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan aurkezpen kontzertua eskainiko dute gaur, 21:00etan. Sarrerak 3 euroan eskuratu daitezke Kutxa Kulturren webgunean, edo 5 euroan leihatilan bertan.
Taldekideak
Aingeru Mayor donostiarrak, Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak eta Xabier Crehuet ordiziarrrak osatzen dute taldea.
“Sexologoa eta samurtasun ikastaroetako sortzaile eta bidelaguna” da Mayor, “sortzailea, bertsolaria eta hitzen magoa” Goikoetxea, eta “kantautorea, konposatzailea eta musikaria” Crehuet, taldekideen beraien hitzetan.

