Txuri Urdini harrera egin diote udaletxean
Txuri Urdinek historia egin du denboraldi honetan, liga eta Kopa irabazi baititu. Horrengatik, hain zuzen ere, Donostiako Udaleko ordezkariek harrera egin diete udaletxean jokalariei eta izotz hockey taldeko kideei. Eneko Goia alkateak eta gainontzeko udal taldeetako ordezkariek taldea zoriondu dute eta harro daudela adierazi diete, egin duten balentriarengatik.
Donostiarrek martxoaren 19an irabazi zuten liga, Majadahondari finaleko bigarren partida ere irabazita (2-3). Kopa ere Majadahondari irabazi zioten, handik hilabete ingurura. Zehazki apirilaren 17an izan zen, eta 3-6 irabazi zieten madrildarrei.
Duela zortzi urte hasi zen lehian Txuri Urdinen nesken taldea, eta 2019an ligako txapeldunordeak izan ziren. Pasa den sasoian ere gertu izan zuten ligako eta kopako titulua, baina, aurten, ez dute hutsik egin, ez batean eta ez bestean.