Udala datorren astean bilduko da ostalariekin, terrazak kentzeko epeei buruz hitz egiteko
Eneko Goia alkateak asteazkenean sinatu zuen pandemiaren harira Donostiako ostalaritza establezimendu ugarik jarri zituzten behin-behineko terrazak kentzeko agindua, eta gaur adierazi du “zentzuzko epe batean” kenduko dituztela. Hain zuzen ere, adierazi du udala datorren astean bilduko dela Ostalaritza Elkartearekin, terrazak kentzeko epeak zehazteko helburuarekin. Izan ere, pandemiaren harira ostalaritzan ezarritako neurri murriztaile guztiak bertan behera egonda, dagoeneko ez dauka zentzurik ezta oinarririk ere terraza horiek mantentzeak.
Era berean, nabarmendu du terrazak ez direla “inolaz ere udara arte” geldituko, baina ez du datarik eman. Gaineratu du pandemiaren aurretik eta egun indarrean dagoen araudia “derrigorrez” bete behar dela, eta, beraz, terrazak nahitaez kendu behar direla: “Ez da iritzi kontua”. Terrazen araudia aldatzeko aukeraren aurrean, esan du egin daitekeela, baina, beti ere, tramitazio luze bat beharko lukeela.
Udalak 2020ko azaroan ezarri zituen ostalaritza establezimenduen terrazen araudia malgutzen zituzten neurriak, pandemia ostalaritza establezimenduetan eragiten ari zen kalteak arintzeko. Horrela, gaur egun, establezimendu ugarik espazio publikoan dituzte jarrita euren terrazak, behin-behinean. Iazko urrian, egoera epidemiologikoa hobera egiten ari zela ikusita, udalak iragarri zuen 2022ko urtarrilaren 31rako kendu egin beharko zituztela behin-behineko terrazak, indarrean dagoen araudia betetzera itzuliz. Urte hasieran, ordea, egoera epidemiologikoak berriz ere okerrera egin zuela ikusita, terrazen neurriak luzatzea erabaki zuen udalak, eta, otsailean, alkateak adierazi zuen “zuhurtziaz eta presarik gabe” jokatu behar zela.