Clara Campoamor omendu dute Donostian, haren heriotzaren 50. urteurrenean
Larunbatean 50 urte bete ziren Clara Campoamor politikari, abokatu eta idazlea zendu zenetik, eta, urteurrenaren bueltan, omenaldia egin zion Emakumeen Mugimendu Demokratikoa (EMD) elkarteak Donostian, Campoamorrek Kontxako pasealekuan duen eskulturan.
Clara Campoamorrek emakumeen boto eskubidearen alde gogor borrokatu zuen, eta, horrez gain, Espainiako 1931ko Errepublikaren Konstituzioaren lanketan hartu zuen parte, beste 21 diputaturekin batera. Haien lanari esker, Konstituzioan honako kontu hauek sartu ziren: sexu arrazoiengatiko diskriminaziorik eza, ezkontzaren baitan eta kanpoan edukitako seme-alabentzako berdintasun juridikoa eta dibortzioa.
Era berean, prostituzioaren kontra borrokatu zen Campoamor. Horrela, 1932an Kongresuan defendatu zuen prostituzioa “lotsabide handia” zela estatuarentzat, “estatuaren etikaren eta legearen galera bat” zela. Gainera, esan zuen estatuak araututako eta baimendutako prostituzio etxeak emakumezkoen salerosketarako guneak zirela, “non gaizkile ogibidea duen gizon bizizale batek emakumeak ostatatu eta hiriz hiri nahiz merkatuz merkatu eraman ditzakeen”.
Campoamorrek estima berezia zion Donostiari, hirian lau urtez egon baitzen bizitzen. 1972an Suitzan hil zen arren, Polloe hilerrian daude politikariaren gorpuzkiak.