David Silva 2023ra arte izango da txuri-urdina
David Silva jokalari kanariarrak beste urtebetez jokatuko du Realean, 2023ra arte luzatu baitu bere kontratua. Klub txuri-urdinean jarraitzeko gogoz agertu da Silva: “Etorri aurretik banekien kluba ondo ari zela. Taldeak ondo jokatzen zuen futbolean, Imanolen estiloarekin. Asko hazten ari da, eta urtero Europarako borrokan egotea oso ona da. Klubean eta taldean dagoen lana sentitu dut, lan asko egiten da eta filosofia hori izan dut beti egon naizen taldeetan eta hemen jarraitu dut berarekin”.
Taldean gustura egoteaz gain, hirian ere gustura dagoela nabarmendu du jokalariak: “Nire familia oso gustura dago hemen eta kalera ateratzen zarenean jendea zoragarria da. Bi urtetan lagun asko egin ditut, eta hori alderdi garrantzitsua izan da jarraitzeko. Etxean bezala sentiarazten zaituzte, eta horrela errazagoa da”.