Finalik gabe gelditu da Bera Bera
Espainiako Kopako finalaren atean gelditu da Bera Bera, finalerdietan erori baitzen larunbatean, Atletico Guardesen aurka: 20-24. Etxean jokatuta, Bera Beraren aldeko giro ederra sortu zen Illunben, 3.000 bat lagun bildu baitziren harmailetan. Ordea, galiziarrak gailendu ziren, bereziki, Miriam Sempere jokalariaren partida bikainari esker. Horrela, Atletico Guardesek bere historiako lehenengo Kopako finala jokatuko du gaur Malagaren aurka, 12:30ean (32-24 irabazi zion Elxi finalerdietan).
Donostiarrek ondo hasi zuten Kopa, ostiraleko final-laurdenetan 37-24 irabazi baitzion Valladolidi. Ordea, finalerdietan, hasieratik ez zuen ondo jokatu, lehenengo minutuetan Atletico Guardes aurreratu baitzen markagailuan. Bera Berak erreakzionatzea lortu zuen, eta 9-8 aurreratzea lortu zuen. Aldiz, markagailuan behetik iritsi zen atsedenaldira: 11-12.
Jokoa berrabiaraztean, donostiarrak berriz aurreratu ziren, baina berriz akatsak egiten hasi ziren, eta neurketa aldapan gora jartzen joan zen. Bera Bera bukaerara arte saiatu zen, Illunbeko zaleen babesarekin, baina ezin izan zituen galiziarrak garaitu.