Maiatzaren Leheneko mobilizazioek Donostiako kaleak bete dituzte
Maiatzaren Lehena da gaur, Langileen Nazioarteko Eguna, eta mobilizazio ugari egin dituzte sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek Donostian. Sindikatu abertzale bakoitza bere aldetik mobilizatu da, eta gauza bera egin du Kontseilu Sozialistak. Aldiz, CCOO eta UGT sindikatuak elkarrekin mobilizatu dira. Azkenaldian eman den bizitzaren garestitzea bereziki presente egon da manifestazio guztietan.
Lehenengoak ELA sindikatukoak izan dira, 11:30ean abiatu baitira Alderdi Ederretik, Borrokan ari gara lelopean. Mobilizazio jendetsua izan da, sektore askotako langileak egon baitira: besteak beste, zahar etxeetakoak, garbikuntzakoak eta langile publikoak. “Enpresa handiek gobernuek baino gehiago agintzen” dutela salatu du ELAk, eta sektore batzuetatik sustatzen ari diren errenten itunaren aurka agertu dira: “Errenten itunen ordez, hitzarmen onak behar ditugu, aberastasuna banatzeko”. Sindikatuko idazkari nagusi laguntzaile Amaia Muiñoak hartu du hitza Donostiako mobilizazioaren ondoren, eta langile prekarioetan jarri du fokua: “Sektore eta enpresa bakoitzean antolatu eta grebarako prestatu. Horrela emango diogu buelta 541.600 langile prekarioei”.
LAB sindikatua 12:00ak pasata abiatu da Easo plazatik, Altxa! Egin dezagun posible lelopean. Jende andana mobilizatu da manifestazio horretan ere, eta, besteak beste, Irizar e-mobilityko langile grebalariak egon dira. Gizartearen egoera “jasanezina” dela salatu du LABek, bereziki, bizitzaren garestitzearengatik: “Langileok urteak daramagu krisian, eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin pairatzen. Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu”. “Eztabaida soziala bultzatu behar da eta neurri politikoak hartu banaketarako, birbanaketarako. LABetik banaketa hirukoitzerako egiten dugun proposamena norabide horretan doa, eta hemen, Euskal Herrian, egin behar dugu posible”, gaineratu dute.
CCOO eta UGT sindikatuak ere 12:00ak aldera mobilizatu dira, Alderdi Ederretik abiatuta, EPK alderdi komunistarekin eta Gazte Komunistak antolakundearekin batera, La solución: prezioak mugatu, subir salarios, berdintasun handiagoa lelopean. Espainiako Gobernuarekin egindako negoziazioen ondoren “lortutako eskubideak” aldarrikatu dituzte –besteak beste, lan erreformaren moldaketa eta soldata minimoaren igoera–, eta norabide horretan lanean jarraituko dutela nabarmendu dute. “Premiazkotzat” jo dute prezioen igoera geldiarazteko “neurriak hartzea”, eta gobernuak hartzen ari diren neurriak “positiboak” direla adierazi badute ere, “guztiz eskasak” direla esan dute. Ildo horretatik, energiaren prezioen igoeraren arrazoien gainean jardutea beharrezkotzat jo dute, baita errenta guztien arteko banaketa orekatua bilatzea ere.
Kontseilu Sozialista ere mobilizatu da Donostian, 12:30ak pasata Bulebarretik abiatuta, Krisi kapitalista garaian, sozialismoa eraikitzen lelopean. “Prezioen goititzeak, askatasunik ezak, langabeziak, eta soldata miserableek jasangaitza egin dute langileriaren egunerokoa. Egiturazko krisi bat da bizi duguna”, salatu dute. Era berean, sozialismoaren beharra aldarrikatu dute: “Sozialismoa izan da askatasunaren bandera altxatu duen mugimendua. Gaur egungo krisi garaian bandera hori berriz altxatzeko hautua egiten dugu”.
Steilas, ESK, CNT eta LKN/CGT sindikatuek eta Antikapitalistak, ODS eta Oarso Taldea antolakundeek Errenteriatik Donostiarainoko martxa egin dute goizean zehar, Kapitala suntsitzeko, langileria batu! lelopean. Hain zuzen ere, “mota askotako sindikatuak eta eragileak” mobilizaziorako batu izana nabarmendu dute, euren ustez, batasuna baita “aldaketarako bidea”. Ibilbidean zehar, hainbat geldialdi egin dituzte, lan gatazkak puri-purian dauden gune batzuetan. Donostian, Ategorrietako San Ignazio zahar etxean (pribatizazioaren aurka), Groseko anbulatorioan (Osakidetzako murrizketen aurka) eta Trueba kaleko 13. zenbakian, etxeko langileen alde. Katalunia plazan amaitu dute mobilizazioa.
Jarraian, Donostiako mobilizazioen irudi bilduma: