Sareren urteko "mobilizazio handiena" egingo dute Donostian, aldarrikapena eta festa uztartuta
Sare presoen eskubideen aldeko plataformak mobilizazio handi bat antolatu du urriaren 8rako Donostian; Sareren hitzetan, urteko “mobilizazio handiena” izango da. Hain zuzen ere, aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte, manifestazio bat eta musika jaialdi bat egingo baitituzte. Joseba Azkarraga bozeramaileak larunbateko aurkezpenean azaldu zuenez, “irribarre egiten hasi” nahi dutelako antolatu dute egitasmoa. Era berean, Sarek nabarmendu du bateragarriak direla presoen eskubideak aldarrikatzea eta eskubideen urraketak salatzea, eta “giro ona”. Etxera bidea, gertu izango da leloa.
Urriaren 8an, Izan Bidea dinamika amaitutzat emango dute, Euskal Herriko biztanle bezain beste kilometro –hiru milioi baino gehiago– egiteko erronka lortuko baitute egun horretan; azken kilometroak goizean egingo dituzte, Bulebarrean. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Pio XII.aren plazatik, eta, ondoren, musika jaialdia hasiko dute Illunben, 15:30ean. Besteak beste, honako talde hauek joko dute: Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza, Dupla, Rotten XIII eta Trikidantz. Haurrentzako gune bat ere egongo da, Porrotx pailazoaren emanaldiarekin, eta jatekoa eta edatekoa ere eskainiko dute, jaialdia goizaldera arte luzatuko baita.
Urruntze politika “astiro-astiro desagertzen” ari dela nabarmendu zuen Azkarragak, eta, horregatik, “urte luzez urruntze politikarekin amaitzea eskatu duten pertsona guztiak” elkartzeko helburuarekin egingo dute urriaren 8ko mobilizazioa. Hala ere, Sarekoek gogorarazi dute oraindik preso guztiak ez daudela Euskal Herriko kartzeletan, baita gehienek gradu progresioa trabatuta dutela ere: “Salbuespeneko espetxe politika oraindik ere arau da euskal presoentzat”.