Txantxarreka gaztetxeak salatu du udalak debekatu egin diola ekitaldiak antolatzea
Antiguako Txantxarreka gaztetxeak sare sozialetan salatu duenez, Donostiako Udalak debekatu egin dio gunean ekitaldiak antolatzea: “Aste honetan gutun bat iritsi zaigu, orain arte antolatuta zeuden kontzertuak debekatzeko eta hemendik aurrerako debekua adierazteko”.
Gaztetxearen egoera “itogarria” dela deitoratu dute, eta debekuak “horretan sakontzeko asmoa” duela: “Hortaz, gaztetxeak edozein egitasmo aurrera eramateko ezintasuna gero eta larriagoa da”. “Udalak, gurekin harremanik egin gabe, debekua aurrera eraman nahi du. Gure auzoan beharrezkoa ikusten dugu gaztetxea. Horretarako behar diren neurriak hartuko ditugu”, gaineratu dute. Era berean, Antiguako herritarrak “gaztetxearen alde borrokatzera” deitu dituzte.