Behin-behineko terrazak ekainaren erdialderako kendu beharko dituzte ostalaritza establezimenduek
Donostiako Udala eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea bildu egin dira gaur, hilaren 2an, pandemiaren testuinguruan ostalaritza establezimendu ugarik jarri zituzten behin-behineko terrazei buruz hitz egiteko, eta, udalak jakinarazi duenez, ekainaren erdialderako terraza horiek kendu beharko dituzte ostalariek: “Bi aldeak bat etorri dira osasun arrazoiek aholkatutako salbuespen egoera amaitu egin dela, eta, beraz, udal ordenantzak arautzen duela egoera berria. Hala, ‘COVID terrazak’ jarri zituzten tabernek ekaina erdialdera arteko trantsizio tarte bat izango dute ezohikoak diren terrazak kentzeko”.
Horrez gain, etorkizunean ostalaritzaren terrazak arautzen dituen ordenantzan aldaketak egitea aztertzeko “borondatea” adierazi die udalak ostalariei, “beti ere, udalbatza osatzen duten alderdien eztabaida eta erabakiaren arabera”.
Joan den astetik dator
Alarma egoera eta koronabirusaren aurkako neurri gehien-gehienak bertan behera geldituta (ostalaritzan, denak), dagoeneko ostalaritza establezimenduen behin-behineko terrazek ez zuten hor jarraitzeko oinarririk. Horregatik, hain zuzen ere, Eneko Goia alkateak joan den asteazkenean sinatu zuen pandemiaren harira Donostiako ostalaritza establezimendu ugarik jarri zituzten behin-behineko terrazak kentzeko agindua. Era berean, ostiralean adierazi zuen “zentzuzko epe batean” kenduko zituztela terraza horiek.
Udalak 2020ko azaroan ezarri zituen ostalaritza establezimenduen terrazen araudia malgutzen zituzten neurriak, pandemia ostalaritza establezimenduetan eragiten ari zen kalteak arintzeko. Horrela, gaur egun, establezimendu ugarik espazio publikoan dituzte jarrita euren terrazak, behin-behinean. Iazko urrian, egoera epidemiologikoa hobera egiten ari zela ikusita, udalak iragarri zuen 2022ko urtarrilaren 31rako kendu egin beharko zituztela behin-behineko terrazak, indarrean dagoen araudia betetzera itzuliz. Urte hasieran, ordea, egoera epidemiologikoak berriz ere okerrera egin zuela ikusita, terrazen neurriak luzatzea erabaki zuen udalak, orain arte.