Kirol emaitzak

Berdinketa mingarri batekin itzuli da Reala Vallecastik

reala Isak, Rayo Vallecanoren aurkako partidaren une batean. (Argazkia: Reala)

Realeko mutilek golak sartzeko zailtasun nabariekin jarraitzen dute, eta ezin izan zuten berdinketatik pasa Rayo Vallecanoren aurka. Partidaren tarte askotan nagusi izan ziren txuri-urdinak, eta Sorlothek markagailua irekitzea lortu zuen, baina beste gol aukera ugari galdu zituzten Imanol Alguacilen jokalariek. Horregatik, partidak irekita jarraitu zuen, eta etxekoek berdinketa egitea lortu zuten. Realarentzat aukera bikaina zen Europako postu bat eskuratzeko lehian atzetik dituen aurkariekin tartea handitzeko, baina ez zuen aukera hori ondo baliatu.

Nesken egoera, aldiz, oso bestelakoa da, denboraldi bikaina egiten ari baitira, eta igandean denboraldiko lehenengo saria eskuratu zuten: Txapeldunen Ligarako txartela. Hain zuzen ere, 4-0 irabazi zioten Rayo Vallecanori, Amaiur Sarriegiren hiru golekin eta Nerea Eizagirreren gol batekin. Historikoa da Natalia Arroyoren taldeak egin duena, Realeko nesken taldeak ez baitu inoiz Txapeldunen Liga jokatu. Orain, bigarren postuari eusteko lehian jarraitu beharko dute txuri-urdinek, Txapeldunen Ligako kanporaketa bat gutxiago jokatzeko.

Eskubaloian, Bera Berak etxean jokatuko du Espainiako Kopa asteburuan, baina ezin izan du finalera iritsi. Ostiraleko final-laurdenetan 37-24 irabazi zion Valladolidi, baina, larunbatean, 20-24 galdu zuen Atletico Guardesen aurka, finalerdietan. Azkenean, Malagak irabazi du Kopa, Atletico Guardesi 33-26 irabazita.

Belar hockeyan, Realak berdinketa batekin itxi du denboraldia, 1-1-ekoarekin itzuli baita Kanaria uharteetatik. Taburinetek, etxeko taldeak, ireki zuen markagailua bigarren minutuan, Sofia Belenen golarekin. Bigarren laurdenean, aldiz, txuri-urdinek Giuliana Sofiaren golaren bidez berdindu zuten, eta berdinketa horrekin amaitu zen neurketa.

Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek gaur, hilaren 2an, jokatuko du Alacanten aurka, etxean, 19:30ean. Ibaeta Basketek, aldiz, joan den astean amaitu zuen denboraldia.

EMAITZAK

Futbola

Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia

  • Reala 4 – Rayo Vallecano 0

Gizonezkoen lehen maila, 34. jardunaldia

  • Rayo Vallecano 1 – Reala 1

Eskubaloia

Emakumezkoen Espainiako Kopa

  • Final-laurdenak: Bera Bera 37 – Valladolid 24
  • Finalerdiak: Bera Bera 20 – Atletico Guardes 24

Saskibaloia

Gizonezkoen bigarren maila, 31. jardunaldia

  • Gipuzkoa Basket – Alacant (astelehena, 2, 19:30ean)

Belar hockeya

Emakumezkoen ohorezko maila, 18. jardunaldia

  • Taburiente 1 – Reala 1
HITZAkide HITZAkide