"Debekuari aurre" egingo dio Txantxarrekak, eta Añorgako Gaztetxean egingo dituzte kontzertuak
Antiguako Txantxarreka gaztetxeak udalak ezarritako debekuei aurre egiteko Añorgako Gazte Asanbladarekin elkarlanean antolatu dute iganderako aurreikusita zuten kontzertua, eta honako mezua zabaldu dute: “Kortxoeneako kideek zioten moduan: bakarrik ezin da, lagunekin bai!”
Antiguako Txantxarreka gaztetxeak larunbatean sare sozialetan salatu zuenez, Donostiako Udalak debekatu egin dio gunean ekitaldiak antolatzea: “Aste honetan gutun bat iritsi zaigu, orain arte antolatuta zeuden kontzertuak debekatzeko eta hemendik aurrerako debekua adierazteko”.
Gaztetxearen egoera “itogarria” dela deitoratu dute, eta debekuak “horretan sakontzeko asmoa” duela: “Hortaz, gaztetxeak edozein egitasmo aurrera eramateko ezintasuna gero eta larriagoa da”. “Udalak, gurekin harremanik egin gabe, debekua aurrera eraman nahi du. Gure auzoan beharrezkoa ikusten dugu gaztetxea. Horretarako behar diren neurriak hartuko ditugu”, gaineratu dute. Era berean, Antiguako herritarrak “gaztetxearen alde borrokatzera” deitu dituzte.
Kontzertuak igandean izango dira, 18:30ean, eta sarrerak 3 euroan izango dira salgai. Neu Troia, Babuenobale eta Anlaki taldeak ariko dira formatu akustikoan.