Emusik jaialdia bueltan da, lau eguneko egitarauarekin
Pandemia hasi zenetik estreinakoz, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren Emusik jaialdiak bere ohiko formatua berreskuratuko du aurten, eta kalea hartuko du berriz ere. Hilaren 5etik 8ra egingo dute jaialdia, Egiako Blas de Otero plazan, eta eskolako ikasleek osatutako taldeen emanaldi ugari eskainiko dituzte; guztira, 22 talde eta 500 ikasle baino gehiago igoko dira oholtzara. Ikuskizun guztiak doakoak izango dira.
Hilaren 5ean, 6an eta 7an arratsalde guztian zehar eskainiko dituzte kontzertuak, eta jaialdia amaitzeko, hilaren 8an, dantza ikasleek emanaldia eskainiko dute. Horrez gain, eskolak azaldu duenez, “festari umore ukitua eskaintzeko helburuarekin, aurten Eskolako irakasleek emanaldi ganberroa eskainiko dute larunbatean; hainbat pieza eskainiko dituzte, egun horretako kontzertu sortari amaiera emanez”.
Gonbidatu bereziak
Emusik jaialdiak bi gonbidatu berezi izango ditu aurten. Alde batetik, Ejea de los Caballeros herriko (Aragoi, Espainia) banda gazte etorriko da, larunbatean jotzeko. Bestetik, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak nazioarteko musika eskolekin zituen harremanak berreskuratu ditu, eta, horri esker, Luxenburgoko talde batek joko du ostegun iluntzean, eta Donostiako Musika Eskolako taldeetako bat Luxenburgora joango da hilaren 26an, Remix 22 Europako Musika Eskolen jaialdian parte hartzeko.
Jarraian, Emusik jaialdiko egitarau osoa:
Maiatzak 5, osteguna:
- 17:00etan, txistu taldea.
- 17:30ean, saxo taldea.
- 18:00etan, gitarra taldea.
- 18:30ean, klarinete Ensemble Txiki.
- 19:00etan, Klarinete Ensemble Gazte.
- 19:30ean Atotxako flautistak.
- 20:00etan Bolling kamerata.
- 20:30ean Luxenburgo konboa.
Maiatzak 6, ostirala:
- 17:00etan, Trikiak.
- 17:30ean, Banda Txiki.
- 18:00etan, Orkestra Gazte.
- 18:30ean, Abesbatza.
- 19:00etan, Konboak.
- 19:30ean, Konboak Herrera.
- 20:00etan, Big Band III.
- 20:30ean, Big Band IV.
Maiatzak 7, larunbata:
- 17:00etan, perkusio taldea.
- 17:30ean, Orkestra Txiki.
- 18:00etan, Txaranga PLUS.
- 18:30ean, Ejea de los Caballerosko banda.
- 19:00etan, Banda Gazte.
- 19:30ean, Banda Heldua.
- 20:00etan, Irakasleen konboa.
- 20:30ean, Irakasleen taldea.
Maiatzak 8, igandea:
- 12:15ean, dantza ikasleen emanaldi sorta.
‘Musika Zineman’
Emusik jaialditik harago, udaleko Musika Eskolak iragarri du maiatzean “irakasleentzat zein ikasleentzat oso berezia den kontzertu bat” eskainiko duela: Musika Zineman. Azaldu dutenez, denbora asko daramate prestatzen, baina, pandemiaren ondorioz, orain arte ezin izan dute estreinatu. “Adin guztietako jendearentzako kontzertu-ikuskizuna da, non musikak zineman duen garrantzia azalduko den. Bertan, galako aurkezlea zinema zuzendari handi batekin elkarrizketatuko da, konpositore sarituenak ezagutuko dituena, eta musikagileek beren filmetako soinu bandan erabiltzen dituzten baliabideak azalduko dizkio, adibide oso praktikoekin”, nabarmendu du eskolak. Hilaren 17an izango da emanaldia, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian; gonbidapenak hilaren 11tik aurrera (11:30etik aurrera) eskuratu ahalko dira antzokiko leihatilan (pertsona bakoitzeko lau gonbidapen gehienez).