Mussara Donostia proba zikloturista sortu dute
Txirrindularitza proba ez lehiakor berri bat jaio da Donostian: Mussara proba zikloturista. Kirol ekitaldiak antolatzen dituen Donosti Eventos enpresak eta RPM Sportsek antolatuta, uztailaren 17an egingo dute proba, Donostiako Antonio Elorza Belodromotik 08:00etan abiatuta. Gipuzkoako eta Nafarroako hamazazpi udalerritatik ibiliko da proba, guztira 145 kilometro eginda, 2.500 metroko desnibel metatuarekin. Donostiakoarekin, guztira bost dira orain Mussara probak: Reuskoa, Hunting Dogs izenekoa, 24 ordukoa, Xacobeokoa eta Donostiakoa.
Belodromotik abiatuta, Urumea ibaia jarraituko dute txirrindulariek, Hernani, Pagoaga eta Goizueta (Nafarroa) zeharkatuta. Hain zuzen ere, Goizuetaren ondoren iritsiko da lehenengo igoera gogorra, Basakabikoa (14,8 kilometro, %3,6ko batez besteko desnibelarekin). Leitzan egongo da lehenengo hornidura eta laguntza mekanikoaren gunea, hain justu, Uitziko igoera (5,6 kilometro, %4), probako bigarren igoera gogorra hasi aurretik. Leitzan egongo da, baita ere, lehenengo mozketa puntua, lehenengo 45 kilometro horiek 10:30erako egin ez dituztenentzat.
Uitzitik Betelura jaitsiko dira, eta Gipuzkoan sartuko da berriz, Berastegitik. Tolosara abiatuko da ondoren, Alkizako gaina igotzeko (4,5 kilometro, %6). Handik, Asteasura jaitsiko dira txirrindulariak, eta han egongo da bigarren hornidura gunea, probaren 98. kilometroan. Andazarrateko gaina igoko dute ondoren (5,9 kilometro, %5,2), hortik Aiara eta Oriora jaisteko. Hain zuzen ere, Orion jarriko dute azken hornidura puntua, 123. kilometroan. Oriotik, Donostiara itzuliko dira, Oria ibaia jarraituta, N-634 errepidetik. Belodromoan bertan amaituko da proba, eta piknika egingo dute amaieran; dutxak ere jarriko dituzte. Azken txirrindularia 16:00ak aldera heltzea aurreikusten dute.
Izen-ematea
Izena emateko epea uztailaren 4ra arte egongo da zabalik, eta dagoeneko 500 bat lagunek erosi dute dortsala; Mussararen webgunean eman daiteke izena. Gaur egun, izen-emateak 59 euroko prezioa du, baina ekainaren 13tik aurrera 64 euro balioko ditu. Antolatzaileek 2.000 parte-hartzaile izatera heltzeko helburua dute.
Izen-ematearekin batera, Gobik markako maillot bat, eskumuturreko bat eta bizikletaren aurrealdean jartzeko dortsal bat jasoko du parte-hartzaile bakoitzak, eta probaren egunean erabili beharko ditu. Horrez gain, honako zerbitzu hauek izango dituzte txirrindulariek: istripuei aurre egiteko asegurua, bizikletak uzteko doako aparkalekua (probaren aurretik eta ondoren), dutxak, arropa gordetzeko zerbitzua, laguntza mekanikoa proban zehar, likidoen eta solidoen hiru hornidura gune eta bukaerako piknika.