Anoeta estadioaren ingurua urbanizatzeko proiektua onartu du udalak
2019ko irailean bukatu zituzten Anoeta futbol estadioa berritzeko lan garrantzitsuenak. Dena dela, estadioaren inguruko urbanizazio lanak beranduago egingo zituztela iragarri zuten. Donostiako Udalak lan horiei hasiera emateko proiektua onartu du gaur Tokiko Gobernu Batzordean. Eneko Goia alkateak eman ditu xehetasunak. Urbanizazioa 2026rako bukatuta egotea aurreikusten du udalak.
Bi fase eta lau azpifase izango ditu, 6.798.160 euroko erabateko aurrekontuarekin. Lehen faseak (5.953.237 euro) egin beharreko ia obra guztia hartzen du, eta estadioa inguratzen duen oinezkoentzako ingurunea da haren lanketa eremua. Aldiz, bigarren fasea (844.921 euro eta hiru hilabeteko egikaritze epea) skatepark eremuari loturikoa da.
Goiak nabarmendu du aurreneko fasearekin hasiko direla, eta lau azpifase izango dituela: 1.1 Ekialdeko Gunea, Anoeta pasealekuko 30. eta 22. zenbakien artean, Xanti hotelaren aurrealdea gutxi gorabehera (1.202.213 eta sei hilabeteko egikaritze epea), 1.2 Hegoaldeko Gunea, Anoeta pasealekuko 22. eta 3. zenbakien artean, gutxi gorabehera (958.869 eta sei hilabeteko egikaritze epea), 1.3 Mendebaldeko Gunea, Anoeta pasealekuko 3. eta 6. zenbakien artean, gutxi gorabehera (1.934.084 eta hamabi hilabeteko egikaritze epea), eta 1.4 Iparraldeko Gunea, Anoeta pasealekuko 6. eta 30. zenbakien artean, gutxi gorabehera (1.858.071 eta hamabi hilabeteko egikaritze epea).
Azken biak “baldintzatuta” egongo direla esan du Goiak. Izan ere, Mendebaldeko gunea Miniestadioa berritzeko lanen menpe egongo da, eta Iparraldeko gunea ETSk eremuan eraikiko duen bigarren topo sarreraren menpekoa izango da.
Bigarren faseari dagokionez, batetik, 65 urtetik gorako pertsonentzako parkea eta skatepark delakoa leku berean mantenduko dituzte, nahiz eta azken horren neurriak doitu egingo dituzten estadioaren aztarna handitu delako eta oinezkoentzako pasabidea oztoporik gabe bermatu behar delako.
Aldaketa esanguratsuak
Lehen fasean aldaketa esanguratsuak aurreikusten direla adierazi du alkateak. Estadioaren inguruan dauden berdeguneak berrantolatuko dituzte, Hegoaldeko gunekoak murriztuz eta Iparraldekoan parterre berriak sartuz. Mendebaldeko bidearen maila igoko dute Atano frontoiaren parean dagoen ibilgailuentzako aparkalekuaren ondoren.
Mugikortasunari dagokionez, gaur egun hara iristen diren bi bidegorrien lotura –Errondo pasealekutik eta Madril hiribidetik zein Zorroaga pasealekutik datozenak) iparraldera proiektatzeaz gain, bidegorri hori estadioaren ekialdetik luzatzea erabaki dute, Miniestadioaren parean jarduteko eremuaren amaierara iritsi arte.
Horretarako, topoaren geltokiaren iparraldean aldaketa bat egingo dute; autobusak eta taxiak gelditzeko bidea kenduko dute espaloia handitzeko. Autobusaren geltokiak bere horretan jarraituko du, eta Errondo pasealekuko eskuineko bidean geldituko da. Bestalde, taxien geltokia Anoeta pasealekuarekiko elkargunearen aurreko lineako aparkaleku zatira lekualdatuko dute.
Bidegorriarekiko ia paraleloa den trazaduran, oinezkoen ibilbide irisgarria seinaleztatuko dute. Bide hori topoaren geltokitik abiatuko da eta Miniestadioaren parean bukatuko da. Errondo pasealekuan, Begiristain doktorearen pasealekuan eta Anoeta pasealekuan dauden zebrabideak lotuko ditu. Horrela, Anoeta pasealekuko hiru zebrabideak gaineko pasabide bihurtuko dituzte.