Sei pertsona zigortu dituzte Donostian baimenik gabe grabatutako bideo bat zabaltzeagatik
Lagun talde bat mugikorrekin, artxiboko irudi batean. 2016ko uztailaren 5ean bikote batek sexu harremanak izan zituen Donostiako Gipuzkoa plazako arkupeetan, eta pertsona ezezagun batek grabatu egin zituen haien baimenik gabe. Ondoren, bideoa Whatsapp bidez zabaldu zuen, eta masiboki zabaldu zen. Epaileak sei lagun zigortu ditu Donostian, bideoa horrela zabaltzeagatik: sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete, nahiz eta ez duten bete beharko datozen hilabeteetan deliturik egiten ez badute. Horrez gain, 720 euroko isuna jarri diete. Gainera, bideoan agertzen den emakumeari 12.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkiote; berak salatu zuen gertatutakoa.
Hasieran, fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen zituen, eta salatzailearen abokatuak hiru urtekoak, 60.000 euroko kalte ordainez gain.
Fiskaltzak dioenez, bideoa emakumearen gertukoei ere iritsi zitzaien, eta horrek “egoera konprometituan utzi zuen biktimaren irudi publikoa”. Akusatu guztiek aitortu dute bideoa jaso eta zabaldu izana.

