Hiriko hondartzetan ez erretzea gomendatuko du udalak
Datorren hondartza denboraldiari begira, Zurriolan, Kontxan eta Ondarretan ez erretzea gomendatuko du Donostiako Udalak. Gaur goizean ItsaSOS izeneko kanpaina aurkeztu du Ekologia sailak, eta hiri hondakinak itsasora irits ez daitezen hainbat neurri hartuko dituzte.
“Egiaztatuta dago nondik datorren itsasoan biltzen den zaborra. Plastikoaz gain, hondakin nagusietako bat zigarrokinak dira. Jakitun izan behar dugu, ez bakarrik erretzeak osasunari egiten dion kalteaz, hondartzetako harean lurperatzen ditugun zigarrokinek edo paseatzen ari garela lurrera botatzen ditugunek non bukatzen duten ere kontuan izan behar dugu. Izan ere, gehienetan itsasoratzen dira, estolderietan zehar”, azaldu du Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak.
Zigarrokinek hondartzetan eragiten duten inpaktua murriztu nahi du udalak. Gainera, eskatzen dutenei, hautsontzi konoak emango dizkiete, “zigarrokinak hondarrean lurperatu eta, gero, olatuek itsasora arrastaka eraman ez ditzaten”. Hondartzetako megafonia sistemaren bidez, ingurumenari buruzko mezuak zabalduko dituzte.
Horrez gain, estolderia sareetan seinaleak jarriko dituzte ondorengo mezuarekin: Itsasoa hemen hasten da.