Igeldora igoko dira larunbatean, euskal presoen eskubideen alde
Sarek deituta, Oriamendira igo ziren 2021ean herritarrak. (Argazkia: Beñat Parra) Euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak deituta, Igeldora igoko dira herritarrak larunbatean, hilaren 7an, Etxera bidea gertu lelopean. Clara Campoamor plazatik abiatuko dira 11:00etan, eta Igeldo mendira igoko dira. Gainera, Igeldoko plazan otordu txiki bat egingo dute, eta sagardo txotxa ere izango da. Izan Bidea dinamikaren barruan egingo dute egitasmo hori ere; hain zuzen ere, urriaren 8an amaituko dute dinamika, Donostian antolatu duten mobilizazio eta musika jaialdi batekin.
Iaz ere antzeko egitasmo bat antolatu zuen Sarek, ehunka herritarrek Euskal Herriko 650 tontor igo baitzituzten. Donostian, martxa nagusia Oriamendin egin zuten, Amara Berriko, Loiolako, Txomiñeneko, Martuteneko, Egiako, Groseko, Parte Zaharreko, Añorgako, Ibaetako eta Antiguakoak hamarnaka herritar hara igo baitziren. Intxaurrondoko, Altzako, Herrerako eta Bidebietako herritarrak, aldiz, Uliara igo ziren, eta Igeldokoak Mendizorrotzera.

