Kaio beltzek aurten ere habia egin dute Donostian
Kaio beltzen Gipuzkoako bikote bakarra da Donostian habia egiten duena.
Itsas Enara Ornitologia Elkarteak jakinarazi duenez, kaio beltzen Gipuzkoako bikote bakarra Donostiara itzuli da aurten ere, habia egitera. Hain zuzen ere, atzo, hilaren 4an, grabatutako bideo bat argitaratu du elkarteak, non kaio beltzen bikotea ikusten den, habia egiten ari diren tokian.
2019an eta 2020an ere Donostian habia egiten saiatu zen bikote hori, zehazki, Santa Klara uhartean. Ordea, hainbat herritarrek sortutako eragozpenen ondorioz, ezin izan zituzten txitak aurrera atera. Iaz, aldiz, Uliako itsaslabar ez oso irisgarri batean egin zuten habia, eta txitak aurrera ateratzea lortu zuten; abuzturako, txitak hegan egiten ari ziren. Itsas Enarakoek argitaratutako bideoan ikusten denez, kaio beltzak aurten ere iazko leku berean ari dira habia.
Ohiko kaio hankahoria baino askoz handiagoa da kaio beltza, eta inguruan ez daude ale asko. Hain zuzen ere, 2020an soilik hiru bikote ugaltzaile behatu zituzten: bi Bizkaian eta bat Gipuzkoan (Donostian).