Motelas donostiarrek euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute
Motelas blues talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu berri du, eta Intxaurrondo Kultur Etxean aurkeztuko du larunbatean. Emanaldi bikoitza izango da, Susan Santosek ere joko baitu.
Donostiako agertoki gehienak zapaldu dituzten bi musikarik gidatzen dute Motelas blues talde donostiarra: Txenan Calvo gitarristak eta Alberto Bosch baxu jotzaileak. Besteak beste Blues Stop, Lau Behi, Los Patos, Hotel, Parafunk eta Katflap Blues Band taldeetan aritu ostean, Adrian Viñas bateria jotzailearekin (Luma taldean ibilitakoa) eta Iñigo Elena Helen abeslariarekin (The Amendoins taldeko kide ohia) elkartu dira, Motelas taldea osatzeko.
Zarata handirik egin gabe, Sunset Tapes diskoa argitaratu berri dute, eta larunbatean aurkeztuko dute Intxaurrondo Kultur Etxean, 21:00etan. Taldeak berak sorturiko zazpi abesti ditu diskoak: bi euskaraz eta bost ingelesez. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean erosi daitezke dagoeneko, 12-15 euroan.
Susan Santosek ere joko du
Donostiarren aurretik, Susan Santos musikariak joko du, hirukote formatuan. Badajozko (Extremadura, Espainia) gitarrista Europako blueswoman ezagunenetako bat da, hainbat sari irabazi baititu azken urteotan: 2018an, Best Musician Performance saria irabazi zuen European Blues Awards sariketan, eta, 2019an, bere bosgarren diskoari, No U Turn-i, Best Album saria eman zioten LA Music Critics Awards sariketan.
Kontzertuaren aurretik, 17:00etatik 18:45era, masterclass bat eskainiko du Santosek berak kultur etxean. Musikagela Topaketak egitasmoaren barruan eskainiko du, eta sarrerak 6 euroan eskuratu daitezke, Dklubaren webgunean.