Tomate-hazitegi trukaketa egingo dute larunbatean Trinitate plazan
Cristina Enea fundazioak, Haziera egitasmoaren bidez, eta Gastronomiazko Euskal Anaiarteak elkarlanean jardungo dute larunbat honetan, tomate barietate desberdinen hazitegien banaketan eta trukaketan. 11:00etatik 13:00era egingo dute, Donostiako Trinitate plazan.
“Tomate landareak baratzean landatzeko garaia iritsita, aukera eman nahi diegu herritarrei barietate desberdinak eskuratzeko edo beraien barietateak beste batzuenekin partekatzeko”, adierazi du Cristina Enea fundazioko Haziera ekimenaren koordinatzaile Eneko Calvok.
Egitasmo honekin bi publiko motarengana iritsi nahi dute antolatzaileek. Alde batetik, elikagaiak eta landareak erein eta landatzeko ohitura ez dutenengana, beraien lehen mintegitxoa sor dezaten. Eta, bestetik, tomate barietate jakin baten haziak eta landareak edukita, beste barietate batekoak landatu nahiko lituzkeengana.
Banaketa gehiago
Larunbat honetakoaz gain, beste bi banaketa ere antolatu dituzte datozen egunetan. Lehenengoa maiatzaren 14an izango da, Donostiako Katalunia plazan, 11:00etan, eta bigarrena hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, ordu berean, Astigarragan.